569 langabe gutxiago irailean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Kontratu mugagabeen metatuak % 22,14 egin du gora aurten, orain arte; “alegia, lan-egonkortasuneko kota handiagoak daude”
  • Azken hilabetean sinatutako kontratuen % 10,14 mugagabea izan da
  • Langabezian erregistratutakoen kopuruak behera egin du irailean; 569 langabe gutxiago daude
  • 9.009 langabe gutxiago 2017ko irailean baino

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, zera esan du: “pasa den irailean, Lanbideko bulegoetan 569 langabe gutxiago egon dira erregistratuta, eta beherakada, termino erlatiboetan, % 0,46koa izan da”. 25 eta 44 urte bitarteko tarteak izan du, irailean, lan-okupazioa aurkitzeko onurarik gehien. Langabezia, bereziki, lehen mailako sektorean murriztu da (% 4,61), eraikuntzan (% 3,58), industrian (% 0,59) eta zerbitzuen arloan (% 0,68).

“Euskal ekonomiak jarraitzen du hobekuntza-sintomak izaten; izan ere, Euskadin erregistratutako langabeziaren bilakaeraren emaitza nagusiek, kontratazioak eta Gizarte Segurantzarekiko afiliazioak erakusten dutenez, kontratu mugagabeen metaketak % 22,14 egin du gora aurten, orain arte”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

“Pasa den irailean 92.772 kontratazio egon dira autonomia-erkidegoan eta, horietatik, 9.406, % 10,16, mugagabeak izan dira. Gainera, mugagabeen metaketa urtarriletik irailera bitarteko kontratazioaren guztizkoaren % 9 izan da. Kontratazioan gero eta egonkortasun handiagoa dago”, esan du Artolazabalek.

Lanbidek, pasa den irailean, 569 langabe gutxiago izan zituen erregistratuta. Beherakada horren ondorioz, Euskadik 123.037 langabe ditu, 2017ko irailean baino 9.009 gutxiago. Lan-merkatuaren portaera ez da bera izan; izan ere, langabeziak nabarmenago egin du behera gizonen artean emakumeen artean baino: % 0,9 eta % 0,14, hurrenez hurren (473 eta 96, hurrenez hurren). “Urteko erlazioan, gizonezkoen langabeziak % 9,09 egin du behera eta emakumezkoenak, % 5,08”, esan du Artolazabalek.

Artolazabalek zera ekarri du gogora: “langabeen erdiak inguruk (% 49,9) 44 urte baino gehiago ditu, eta Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek lanean dihardute kolektibo ahulenei, besteak beste, emakumeei, 44 urtetik gorakoei, prestakuntza gutxiko pertsonei eta iraupen luzeko langabeei enplegu-aukera berrietara jotzeko aukera emango dieten lan-prestakuntzako eta -aktibazioko proposamenetan”. Gaur egun, langabe guztien % 60,5ek gehienez derrigorrezko irakaskuntza-ikasketak ditu.

Irailean, langabeziaren beherakada handiagoa izan da Bizkaian (-% 0,67) Gipuzkoan (-0,13) eta Araban (-% 0,23) baino. Urteko saldoan, portaera onena Gipuzkoak izan du, % 7,68ko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Arabak (% 6,81eko beherakada) eta, gero, Bizkaiak (% 6,43ko beherakada).

Kontratuak eta afiliazioa
Ohikoa den bezala, irailean kontratazioen bolumenak nabarmen egin zuen gora, abuztuko oporraldietako etenaren ondoren. Jarduera suspertzen delako nabarmenenak diren jarduerak, aldi horren ondoren, honako hauek dira: hezkuntza (+7.231), manufaktura-industriak (+3.924), ostalaritza (+2.398), merkataritza (+1.950), lehen mailako sektorea (+1.917), administratiboak (+1.760), eta zientifikoak eta teknikoak (+1.384).

Iazko kontratazio-bolumenaren aldean, beherakada nabarmena antzeman da lehen mailako sektorean, nekazaritza-lanen atzerakadaren ondorioz, nagusiki mahats-biltzearenaren ondorioz, 2017ko irailaren aldean.

2018an erregistratutako kontratazioan izan den egonkortasun gehiagoko bira horrek aldaketa esanguratsua dakar, eta horrek enpleguan kalitate handiagoko norabidea adierazten du. “Langabezia-tasaren bilakaera positiboa da, baina erronka garrantzitsuak ditugu aurrez aurre lanean jarraitzeko, besteak beste, emakumezkoen langabezia, iraupen luzeko langabeak eta gazteak, % 10etik beherako langabezia-tasa orokorrak lortzeko, aintzat hartuta hori dela legegintzaldi honetarako geure buruari proposatu dioguna”, esan du Beatriz Artolazabalek.