Lanbidek kualifikazio txikia eta lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako Replay Vet programaren aurrerapenak azaldu ditu Ingalaterran

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Exeter-en bildutako analistek azpimarratu dutenez, pertsonen trebetasunak garatzea ezinbestekoa da etengabe bilakatzen ari den lan-mundu honetan

Lanbidek eskualdeko lan-merkatuaren jarraipenerako Europako Sareak urtean behin egiten duen bileran parte hartu du Exeter´ren (Erresuma Batua). Aurten, arlo soziolaboraleko ehun espezialista inguru bildu dira. Euskal ordezkaritzak Replay Vet proiektuan egindako aurrerapenak azpimarratu ditu bilera horretan. Europar Batasunak finantzatzen duen ikerketa horretan, kualifikazio txikia eta lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonen lanbide-heziketarako estrategiak aztertzen dira. Aurreikusitakoaren arabera, lan horren ondorioak 2019ko lehen hiruhilekoan ezagutaraziko dira. Lan horretan, nolanahi erre, Prospektiker enpresak ere parte hartu du.

Eskualdeko lan-merkatuaren jarraipenerako Europako Sarea 500 erakunde publiko eta pribatuk baino gehiagok osatzen dute, eta Europako eremu sozioekonomikoaren hainbat alderdi aztertzen ditu nagusiki, hala nola herritarren zahartzea, etorkizunerako joerak, digitalizazioa, globalizazioa eta abar.

Aurten, hamahirugarren edizioan, arlo horietako 100 aditu baino gehiago bildu dira Exeterreko Unibertsitatean, eta gizarte-eraldaketak, lan-merkatura egokitzeko prozesuak eta lan-merkatura iristen diren taldeen premia espezifikoak aztertu dituzte.

Lehen egunean, Exeterren bildutako analistek azpimarratu dute pertsonen trebetasunak garatzea ezinbestekoa dela etengabe bilakatzen ari den lan-mundu honetan. Ildo horretan, agerian utzi dute ez dela hizkuntza komun bat erabiltzen trebetasunez eta gaitasunez hitz egitean, eta oso garrantzitsua dela lanbide-balioak ezagutzeko elementu berriak (digital budgeak) kontuan hartzea.  

Bigarren egunak Big Dataren erabilerak eskualdeko eta tokiko lan-merkatuetan gertatzen diren aldaketak aztertzeko duen garrantzia eta hezkuntza- eta prestakuntza-sistemen gobernantza (lan-merkatuak eskatutako gaitasun eta trebetasun berrietan oinarrituta) izan ditu ardatz.

Aurtengo topaketa irailaren 10ean eta 11n  antolatu da Exeterren (Erresuma Batuan), Marchmont-eko Enplegu eta Trebetasunen Behatokiarekin (Exeterko Unibertsitatea) lankidetzan. Konferentziaren izenburua honako hau izan da: "Trebetasunen garapena lan-mundu aldakorrean: Europa osoan eskualdeko eta tokiko lan-merkatuaren kontrolean aplikatutako kontzeptuak, neurketa eta datuak".

Konferentzian, hartzaile taldeen premia espezifikoak aztertu ziren, hala nola lan-merkatuan sartzen diren gazteenak, kalifikazio txikiko langileenak eta langabeenak. Lan Merkatuaren Eskualdeko Behatokien Europako Sarea (European Network on Regional Labour Market Monitoring -EN RLMM-) 2006. urtean sortu zen, Frankfurteko (Alemania) Unibertsitatean. Lan-merkatuaren eskualdeko monitorizazioan erabilitako kontzeptuak eta tresnak garatu eta zabaltzen ditu, eta gai hori aztertu eta ikertzeko metodo komunak zabaltzen ditu.

Sortu zenetik, Europa osoko 26 herrialdetako hainbat agente publikok eta pribatuk egin dute bat Sarearekin, eta 550 bazkide inguru dira gaur egun. Haien artean, organismo publikoak dira nagusi, hala nola unibertsitateak, enplegu-zerbitzu publikoak (Estatukoak eta eskualdekoak), Europako Batzordeko organoak eta lan-merkatuari lotutako hainbat ikerketa-eremutan diharduten behatokiak eta institutuak. Azken batean, eskualdeko eta tokiko lan-merkatuaren monitorizazioaren inguruko teorietan, metodoetan eta aplikazioan aurrekari sendoak dituzten nazioarteko adituak biltzen ditu Sareak.

Mosku

Jardunaldien antolatzaileek iragarri zutenez, Moskuk antolatuko du datorren urtean lan-merkatuaren jarraipenerako Europako Sarearen hamalaugarren topaketa, eta, hitzaldien programaren barruan, ekonomia informaletan trebetasunak garatzeko aukera aztertuko da.