Lanbidek BIME Pro Campusen gazteentzako sormen-industrien eremuko prestakuntza sustatuko du

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • BECen izango da, urriaren 24an, 25ean eta 26an
  • Belandia: "aukera paregabea euskal ikasleek teknologia berriekin zerikusia duten enpleguak sortzen dituen sektorean sakontzeko"

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren eta EURES - Enplegu Zerbitzuen Europako Sarearen bidez, musika-industriaren prestakuntza aurreratuko programaren garapenean parte hartuko du, BIME Pro Campusen; Barakaldoko BECen izango da, urriaren 24an, 25ean eta 26an.

BIME Pro Campus sormen-industriekin zerikusia duten ikasketak egiten dituzten gazteei zuzentzen zaie, funtsean musika-jardueraren eta jarduera digitalaren eremukoak egiten dituztenei. Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren iritziz, "nazioarteko topaketa hau egitea aukera paregabea da euskal ikasleek teknologia berriekin zerikusia duten enpleguak sortzeko ahalmen handia duen sektorean sakontzeko".

Seigarren edizioan, BIME Pro Campusek bere ekitaldiak izango ditu, lan-aktibazioa sustatzera eta industria sortzaile eta digitaletan negozio-eredu berriak aztertzera bideratuak. Eremu horretan gehien bilatzen diren profilak musika-programazioarekin eta -kudeaketarekin, artearekin, diseinuarekin, ingeniaritzarekin eta turismoarekin daude lotuta.

BIME Pro Campusen bidez, talentu onenak aurkitu nahi dira goi-mailako ikasketak dituzten ikasleen eta lizentziatu berri direnen artean, zenbait moduluten bidez eta nazio- eta nazioarte-mailako adituen eskutik musika-industriaren inguruko prestakuntza aurreratua emateko.

Prestakuntza-programan 32 ikaslek parte hartuko dute; horietako hamar Euskadikoak izango dira, musika-sektorean eta sormen-industrietan lan egiteko edo ekiteko interesa dutenak.

Ikastaroa amaitzean, ekitaldia antolatuko da BECen instalazioetan, urriaren 26an, eta, bertan, Lanbideko zuzendari nagusiak diploma bat banatuko die, jasotako prestakuntza bereziko orduak egiaztatzeko.