Hobetuzek 33 milioi euro bideratuko ditu enplegurako prestakuntza finantzatzera, langile okupatuei zuzendutako programen eta enpresen ekintza estrategikoen bidez

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak 899 ikasturte finantzatzeko proposamenak jaso ditu

Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak, aurten, 33 milioi euro bideratuko ditu enplegurako prestakuntza finantzatzera. Aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Hobetuz izango da nagusiki autonomia-erkidegoko langile okupatuei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen eta Euskadiko enpresek egiten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak egiteko laguntza ekonomikoen 2018ko deialdiak kudeatuko dituen erakundea.

Bi deialdiak, dagoeneko, martxan dira, eta, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Hobetuzeko presidenteak iragarri bezala, "azaroko lehen hamabostaldirako prest egongo dira". Sailburuordeak zera nabarmendu du: "prestakuntza-ekintzak irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak dira, langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko eta horiek eguneratzeko eta lanbidean espezializatzeko".

"Bi laguntza-mota dira, eta banaka deituko dira. Alde batetik, Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko programatutako prestakuntza-ekintza estrategikoak garatzeko laguntza ekonomikoak gaitu ditu. Horretarako, 3,2 milioi euroko aurrekontua du", esan du Marcos Murok.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta urteko laguntzak dira. Edizio honetan, Hobetuzek 292 espediente ditu irekita, 4.773 prestakuntza-ekintzarekin, 8.371 ikastarorekin eta proposatutako 61.881 parte-hartzaile posiblerekin.

Bigarren laguntza-ildoa EHAAn argitaratu zen, uztailean, eta 29,8 milioi euroko aurrekontua du aurtengo eta datorren urteetarako, bi urteko laguntzak dira eta. Nagusiki langile okupatuei zuzentzen zaizkien eta 2018 ekitalditik 2020ra bitartean egingo diren prestakuntza-eskaintzako enplegurako prestakuntza-planak finantzatzera bideratuta dago; plan horiek prestakuntza-ekintzak jaso behar dituzte, gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko, eta banaka langileak birkualifikatzeko. 29,8 milioi euro 49 aurrekontu-ildotan banatzen dira, behar sektorialei eta zeharkakoei erantzuteko, lurralde historiko bakoitzean.

Guztira, deialdi honek dagoeneko 154 espediente ditu zabalik eta, guztira, 8.528 ikastaro eta 99.070 parte-hartzaile posible.