Eusko Jaurlaritzak eta Udalak sustatu duten enplegu-plan batean parte hartu ahal izango dute Bilboko 87 gaztek

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Gazteen Enplegu Planak Lanbideren 2.188.670 euroko diru-laguntza jasoko du, bai eta Bilboko Udalaren 1,5 milioi euroko ekarpena ere. Horrela, gehienez ere, 87 enplegu berritan izango du eragina.
  • Ekimena Bilboko 16 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta; gainera, erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa izan behar dute eta Lanbiden eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon. Helburua da gazteak lan-esparruan sartzea da.
  • Bilboko Udalak kudeatuko ditu enplegu berriak, Bilbao Ekintza udalsozietatearen bitartez, eta 12 hilabeteko kontratazioak egingo ditu lanaldi osoan. Tokiko esparrutik sustatuko dira eta zuzenean gauzatuko dituzte udal-arlo eta -entitateek.
  • Planean parte hartzeko epea azaroaren 9an amaituko da, eta Lanbideren edozein bulegoren bitartez eman ahal izango da izena.
  • Bilboko Udalean egiten ari diren beste ekimen batzuekin egin du bat ekimenak, Bilbao Gazteak Sortzen izeneko gazte-enplegurako estrategiaren testuinguruan.

Eusko Jaurlaritzak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eta Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, herritar gazteentzako beren-beregi zuzendutako lehenengo Enplegu Plana abiarazi dute.

Ekimena garatzeko, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 2.188.670 euroko dirulaguntza bideratuko du, eta Bilboko Udalak egindako 1.500.000 euroko ekarpenarekin batera, ekimenak, guztira, 3.688.670 euroko inbertsio publikoa izango du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 30 urtetik beherako gazteei bereziki zuzendutako enplegu-plana baloratu du, eta esan du: “Tresna garrantzitsua dela Bilboko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko, curriculuma hobetuz, eskarmentu profesionala hobetuz eta unerik kritikoenetako bat den honetan ere lehenengo enplegua izateko aukerak hobetuz”.

SARTZEKO BETEKIZUNAK
Zehazki, langabezian dauden, Bilbon bizi diren eta erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 16 eta 30 urte bitarteko herritarrentzako enplegu-plan espezifiko bat da. Parte hartu nahi dutenek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egon behar dute. Enplegagarritasunaren aldeko neurri bat da, eta eskarmentu profesionala eskuratzeko aukera izango dute bertan.

Gazteen Enplegu Planaren testuinguruan, gehienez ere, 87 enplegu berri sortuko dira. Tokiko esparruan sustatuta, 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioak egingo dira. Udala, udal-arloak eta udal-entitateak zuzenean arduratuko dira kontratazioez. Eskaintzak zuzenean kudeatuko ditu Lanbide – Euskal Enplegua Zerbitzuak, zeinak Bilbao Ekintzaren udal-sozietatera desbideratuko dituen hautagaitzak.

GAZTEEN ARTEAN ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEA
Bilboko Udalean egiten ari diren beste ekimen batzuekin egin du bat ekimenak, Bilbao Gazteak Sortzen izeneko gazte-enplegurako estrategiaren testuinguruan. Bertan, gazteei zuzendutako hainbat ekintza-sorta gauzatuko dira.

Bilboko Udalak prestakuntza-maila altua duten hiriko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko abian jarri duen programa da Bilbao Gazteak Sortzen. Horrela, helburu bikoitza erdietsi nahi du: alde batetik, enplegua sortzen laguntzea Bizkaiko hiriburuan langabeziak gogorren jo duen sektore batean. eta, bestetik, ikasleen artean talentua sustatzea eta talentu hori Bilbon bertan geratzea.