Eusko Jaurlaritzak 3,9 milioi euro inbertituko ditu Vitoria-Gasteizen 408 enplegu sortzeko sustapenean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • 2,82 milioi euroren bidez, 338 enplegu sortzea suspertuko da, “2018ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plan”aren bitartez
  • 1,13 milioi euro enplegua sustatzeko jarduketetara bideratuko dira, toki-erakundeek 70 gazte kontratatzeko
  • Vitoria-Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren finantzaketa osatuko du, 752.000 eurorekin

Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, enpresa eta tokiko eragile ekonomikoen aurrean, Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren eta Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaren bidez enplegua sustatzeko eta gazteak kontratatzeko eremuetan garatuko dituzten baterako jarduketak aurkeztu dituzte; guztira, 408 enplegu berri sortzea aurreikusten da.

Urtaranek enplegu-plan horiek honako testuinguru honetan kokatu ditu: “azken lau urteotan bilakaera positiboa izan duen lan-merkatua, zeinak 5.276 langabe gutxiago baititu, 9.356 afiliatu gehiago Gizarte Segurantzan eta % 10etik beherako langabezia-tasa, 2015ean % 15,9koa zela kontuan hartuta”. Aurkezpenean, Urtaranekin eta Artolazabalekin batera, Nerea Melgosak, Borja Belandiak eta Marcos Murok parte hartu dute.

“Egoerak hobera egin du, besteak beste, erakundeek enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko politikak garatzeko elkarlanean jardun dutelako. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren konpromiso ekonomikoa erabakigarria izaten ari da; legegintzaldi honetan, gainera, 12 milioi eurotik gorakoa izango da”, esan du alkateak.

2018ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plana dela eta, enplegua sustatzeko tokiko ekintzen programaren esparruaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 2,82 milioi euro bideratuko ditu Lanbideren aurrekontutik ekimen horretara; horrela, 338 enpleguren sorrera suspertuko da. Udalak 92.000 euroko finantzaketa osagarria egingo du.

Plan horren ildo estrategiko bat lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboekiko konpromisoa da. Kolektibo horien artean daude DSBEaren hartzaileak, emakumeak, 35 urtetik beherako gazteak, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa gutxieneko epe batez inskribatuta dauden 45 urtetik gorako nagusiak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak eta bazterketa-arriskuan dauden pertsona guztiak.

Kontratazio-kopuruan eragin gehien dutenak direnez, natura- eta hiri-espazioen birgaitzearekin, aniztasun funtzionala duten pertsonak laneratzeko laguntzekin eta hondakinak kudeatzeko zenbait jarduketekin zerikusia duten proiektuak nabarmentzen dira.

Garapena

“2018ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plana Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren garapena sustatzeko eta tokiko enplegua sortzeko duen apustu estrategikoan sartzen da”, esan du Beatriz Artolazabalek. “Horren bidez, enpresen tokiko sarearen jarduera dinamizatuko da eta jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin lotura duten enpleguen nitxo berriak sortzea sustatuko da”, esan du sailburuak.

Lanbidek tokiko edo eskualdeko enplegu-planetarako edo EAE osorako enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako kudeatzen dituen laguntzen deialdiak, aurten, 22 milioi euro izango ditu.

Artolazabalen iritziz, “bai tokiko edo eskualdeko enplegu-planetarako jarduketak bai tokiko-erakundeek gazteak kontratatzeko jarduketak edo Gazte Enplegu Planerako jarduketak oso baliagarriak dira, langabeziak bereziki astintzen dituen eta enplegurako aktibazio-politiken partaide diren guneetan enplegua sustatzeko”.

338 enplegu berrietatik, 175 tokiko enpresek eginiko kontratazioak izango dira, eta Vitoria-Gasteizko Udala gainerako 163 kontratazioen kargu egingo da.

Enplegu Planaren esparruan kontratatutako pertsonek Vitoria-Gasteiz bizileku izan beharko dute, langabezia-egoeran egon eta lan-eskatzaile gisa egon beharko dute Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan.

Horrela, Lanbideri Tokiko edo Eskualdeko Enplegu Planei lotutako enplegu-eskaintzak aurkeztuko zaizkio eta Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du hautagaien lehen aukeraketa, eskainitako enpleguetan oinarrituta, eskatzen den profilera egokitzen direnen artean. 2018ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren bidez sinatutako kontratu guztiek, gutxienez, sei hileko iraupena izango dute.

Gazteak

Lanbideren bigarren ildoak, Gazte Enpleguaren Programa Operatiboari dagokionak, 1,13 milioi euroko gastua eragingo du, eta, 12 hilez, gazteak kontratatzeko laguntzak aurreikusten ditu. Kasu honetan, Vitoria-Gasteizko Udalak programaren finantzaketa osatuko du, 600.000 eurorekin.

Eusko Jaurlaritzak eremu horretan laguntzeko, 70 pertsona kontratatuko dira, beren prestakuntza-mailetara egokitutako postuetan. Gazteak azaroan bertan lanean hastea aurreikusten da.

Programa horren helburua 30 urtetik behera duten eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) hartzaile direnei lehen lan-esperientziarako bide ematea da, baina DSBE kobratzea ez da derrigorrezko eskakizuna izango enplegu horietara jotzeko.

Horrela, Udalak konpromisoa hartzen du gutxienez 70 gazte kontratatzeko, hiriko proiektuetan lan egiteko, besteak beste, ikastetxeetako patioen estetika hobetzeko, hiriko lorategiak zaintzeko, bai eta Olarizuko lorategi botanikoa ere, udal-ortuetan nekazaritzako konpostajeko lanak egiteko eta bide publikoan dauden kalteak konpontzeko.

Horrela, gazteei enplegu-aukera bat izateko bide emango zaie, lan-merkatura sartu ahal izateko. Legegintzaldiko hiru urte hauetan, gazteen langabezia-tasak % 48tik % 17,4ra egin du behera; bilakaera positiboa izan da, eta hala ere bilakaera positibo hori sendotu egin nahi da, gaur aurkeztutako ekimenaren bitartez, besteak beste.