Euskadi: martxoan langabeziak pixka bat egin du behera eta Gizarte Segurantzako afiliazioa hazi egin da.

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Beatriz Artolazabal: “zorionez langabeziak, berriro ere, beherako bidea hartu du azken 2 urteetan; hori ona da eta hasitako susperraldi ekonomikoari eusten diola erakusten du”
  • “Garrantzitsuena da sortzen ari diren enplegu eta lan berrietarako profesionalki prestatuta egotea”
  • Euskadin Gizarte Segurantza: otsailean baino 4.663 pertsona gehiagok eman dute izena
  • Duela bost urte baino 52.177 langabe gutxiago

Euskal Autonomia Erkidegoan martxoan 71 langabe gutxiago daude. Gizonek baino emakume gehiagok aurkitu dute lana, bereziki 45 urtetik gorakoek eta, batez ere, zerbitzuen, industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan. Martxoaren 31ko datan —iragan larunbata— Euskadin 127.164 langabe ari ziren lana bilatzen. 2017ko martxoarekin alderatuta, 10.993 langabe gutxiago daude, hau da, urte arteko langabezia % 7,96 murriztu da, Estatuko batez besteko % 7,56ren gainetik. Duela bost urte baino 52.177 langabe gutxiago daude.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, “zorionez langabeziak, berriro ere, beherako bidea hartu du azken 2 urteetan; hori ona da eta hasitako susperraldi ekonomikoari eusten diola erakusten du. Atzean geratzen da 2013ko martxoko hilabete hura. Une hartan erregistratu zen Euskadiko familia, enpresa eta industria-ehuna hainbeste kaltetu dituen krisiaren langabezia kopuru handiena, 179.341 pertsonekin”.

Artolazabalen ustez “susperraldi honetan lan asko dago egiteko. Garrantzitsuena da sortzen ari diren eta beste batzuk ordezkatuko dituzten enplegu eta jarduera berrietarako profesionalki prestatuta egotea”.

“Garrantzitsua da gazteak, emakumeak edo iraupen luzeko langabeak lan-munduan sartzea eta enplegu horiek ahalik eta kalitate handiena izatea, horretan oinarritzen baita guztion ongizatea eta etorkizuna: pertsonena, ekonomiarena, aurrerapauso iraunkorrarena eta gure Herriarena”, adierazi du Artolazabal sailburuak.

Euskadin, martxoan, 943.510 pertsona zeuden Gizarte Segurantzara afiliatuak; duela urtebete baino 21.478 pertsona gehiago. Hortaz, kopurua % 2,33 hazi da. Hiletik hilerako kopurua ere hazi egin da % 0,50. Era horretan, martxoan, Euskadin, otsailean baino 4.663 pertsona gehiagok eman zuten izena Gizarte Segurantzan.

Martxoan hiru lurraldeetan datu positiboak erregistratu ziren, 2017ko martxoko datuekin alderatzen baditugu. Ehunekotan hazkunde handiena Araban eman zen. Bertan, izena emandakoek % 3,21 egin zuten gora; ondorioz, 4.856 afiliatu gehiago zeuden. Gipuzkoa % 2,42 hazi zen, 7.767 afiliatu gehiagorekin; eta Bizkaia % 1,91, 8.855 afiliatu gehiagorekin.

Aurtengo otsaileko datuekin alderatuta ere bilakaera positiboa izan da. Datu onenak, ehunekoei dagokienean, Gipuzkoan eman dira % 0,69ko hazkundearekin (2.157 lagun gehiagok eman dute izena); ondoren Araba dator % 0,45eko hazkundearekin (700); eta azkenik, Bizkaia, % 0,38ko hazkundearekin (1.806). Erregimenak kontuan hartuta, Euskadiko 943.510 afiliatuetatik 767.436 sistema orokorrean daude, 172.195 autonomoak dira, 3.879 itsasoko erregimenean daude eta 2.188 nekazaritzan.

“Sektore guztietan oraindik une zailak bizi beharko ditugu eta prestakuntza eta garapen handiagoz gainditu beharko ditugu. Ziur nago hilero erregistratzen ari garen datu positiboek gure Herrian langabeziak hartutako beherako bide hori eta Gizarte Segurantzarako afiliazioaren gorakada berretsiko dituztela” gaineratu du Artolazabalek.