Artolazabal: ''Azaroan langabeziak behera egin du; 916 langabe gutxiago dago''

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Euskadin duela urtebete baino 6.794 pertsona gutxiago daude langabezian erregistratuta
  • Azaroan bilakaera onena izan duten langabeen profila honako hau izan da: 25 eta 34 urte bitarteko emakumeak, zerbitzuen sektorekoak eta Bizkaiko bizilagunak
  • Azarora arte, kontratu mugagabeen kopurua 2017ko lehen 11 hileetakoa baino % 21,1 handiagoa da, eta kontratuen kopurua, oro har, % 5 handiagoa

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean honako hau esan du: “azaroan, Lanbideko bulegoetan 121.499 pertsona egon dira langabe gisa erregistratuta, alegia, aurreko hilean baino 916 gutxiago eta duela urtebete baino 6.794 gutxiago”. Euskadin langabeziak % 0,75eko beherakada izan du, urriaren aldean, eta % 5,30ekoa, 2017ko azaroaren aldean.

Azaroan, behera egin du iraupen luzeko langabeziak (1.187 pertsona gutxiago) eta gora epe laburrekoak (271 pertsona). “Aurten, orain arte, beherakada handiagoa nabaritzen da iraupen luzeko kolektiboan (% 8,3ko beherakada), iraupen laburrekoen artean erregistratutako % 1,9ko beherakadaren aldean. Iraupen luzeko langabeziaren portaera on hori albiste ona da eta adierazten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei”, esan du Artolazabalek.

Langabeziak gora egin du azaroan gizonen artean, % 0,3, eta behera emakumeetan (% 1,5). Baina, urtean, gizonezkoen langabeziak % 6 egin du behera eta, emakumeenak, % 4,73. “Gaur egun, langabeen % 56,8 emakumea da; krisialdiaren hasieran, gizonezkoen langabezia okerragoa izan zenez, langabe-kopurua,  sexuaren arabera, oso antzekoa izan zen”, esan du Artolazabal sailburuak.

Gainera, langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan: % 0,66 Araban, % 0,62 Gipuzkoan eta % 0,83 Bizkaian. Sailburuak honako hau esan du: “bide onetik goaz, baina, oraindik, bidea dago egiteko; izan ere, langabeziaren egungo % 9,5eko kota murrizten jarraitu behar da eta kolektibo ahul guztiek lanpostu batera jo ahal izateko lanean jarraitu behar da. Emakumeak, gazteak eta iraupen luzeko langabeak dira gure xede”.

Azaroan, langabeziak jarduera-sektore guztietan egin du behera, lehen mailako sektorean izan ezik (% 2,8 egin du gora). Nabarmentzekoa da zerbitzuen sektorearen beherakada; 733 langabe gutxiago ditu, alegia, % 0,9ko beherakada izan du. Industria-sektorean % 0,7 egin du behera eta eraikuntzan % 0,4. Lan-esperientziarik ez dutenen artean, 122 langabe gutxiago daude. Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, -% 15,3koa; halaber, nabarmentzekoa da industriari lotutako langabeziaren beherakada (-% 6,7).

Kontratuak

Artolazabalek zera azpimarratu du: “2018ko azarora arte, kontratu mugagabeen kopurua iazko lehen hamaika hileetan genuena baino % 21,1 handiagoa izan da eta kontratuen multzoa % 5 handiagoa baino ez. “Horrek adierazten du lan-merkatuaren suspertzea, alderdi kuantitatiboari dagokionez ez ezik, kualitatiboan ere ari dela hobetzen”.

Azken hilean, 84.489 kontratazio egon dira eta, horietatik, 7.190, % 8,51, mugagabeak izan dira. Aurreko hilabetearen aldean, kontratazio-bolumenak % 20,16 egin du gora; 2017ko azaroaren aldean, % 4,7 egin du gora.