Euskadi: 622 langabe gutxiago daude urrian, % 0,5eko jaitsiera izan da

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Langabeak 122.415 dira, urte arteko saldoak erakusten du 7.641 langabe gutxiago daudela, aurreko hilean baino 1.963 gutxiago
  • Batez ere emakumezkoen langabeziak egin du behera (-% 1,2)
  • Artolazabal: “2018ko urrira arte kontratu mugagabeen kopurua iazko lehenengo 10 hilabeteetan genuena baino % 21,3 handiagoa da, kontuan hartuta kontratuen multzoak % 5 baino ez duela gora egin: horrek adierazten du lan-merkatuaren suspertzea, alderdi kuantitatiboan ez ezik, kualitatiboan ere ari dela hobetzen”
  • 35-44 adin tartean hautemandako beheraka nabarmentzen da (-% 1,7)
  • Behera egin du langabeziak eraikuntzan, eta 220 langabe gutxiago daude (% 2,43); industrian % 0,08 egin du behera eta zerbitzuetan % 0,74

Enpleguko eta Gizarte Zerbitzuetako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi du 2018ko urrian 622 pertsona gutxiago daudela lanik gabe, eta langabeak, beraz, 122.415 direla, termino erlatiboetan beherakada % 0,5ekoa izanik. Gainera, gora egin du kontratazioak. Urte arteko saldoaren arabera, 7.641 langabe gutxiago daude, aurreko hilean baino 1.963 gutxiago, eta beheranzko joerak, beraz, urte arteko beheranzko erritmoan jarraitzen du laugarren hilabetez jarraian”.

“2018ko urrian LANBIDEKO bulegoetan 622 pertsona gutxiago daude erregistratuta, langabeen kopurua, beraz, 122.415 da eta beherakada, termino erlatiboetan, % 0,5ekoa izan da. Iaz urrian apur bat gehiago egin zuen behera langabeziak, baina bai krisiaren aurretik bai krisiak iraun zuen denboran, urrian gora egin izan du langabeziak. 2004tik urrian langabeziak izan duen hirugarren bilakaerarik onena da, eta azken hilabete honetan langabeziak izan duen bilakaera positiboa izan dela esan daiteke, beraz”, esan du Artolazabalek.

Urrian langabeziak behera egin du emakumeen artean (-% 1,2), eta gizonezkoen artean, berriz, % 0,5 egin du gora. Baina urte barruan gizonezkoen langabeziak % 7,57 egin du behera eta emakumezkoenak, berriz, % 4,57 bakarrik. Une hauetan lanik gabe dauden pertsonen % 57,2 emakumezkoak dira, eta krisiaren hasieran, gizonezkoen langabeziaren portaera okerragoa zenez, sexuen araberako langabetuen kopurua oso antzekoa izan zen. Gizonezkoetan eragin handiagoa izan zuen krisiak, baina suspertzeko gaitasun hobea izan dute.

Azken hilabete honetan, langabeziak muturreko adinetan egin du gora: % 0,03 25 urtetik beherakoetan eta % 0,1 55-64 adin tartean. 35-44 adin tartean hautemandako beheraka nabarmentzen da (-% 1,7). Urte arteko saldoan, 25 urtetik beherakoen portaera alde batera utzita, langabeziak adin tarte horretan bakarrik egin baitu gora, korrelazio handia antzematen da langabeziaren beherakadaren eta langabezian dauden gazte enplegu-eskatzaileen artean.

Beherakadarik handiena 25 urtetik 44 urtera bitartean izan da. Langabeen erdiak, % 50,2k, 44 urte baino gehiago ditu, % 24,8 ez da 35 urtera iristen eta gainerako % 25 35 eta 44 urte bitartekoa da. Lan-merkatuan berriro sartzeko zailtasunek gora egiten dute langabeen adinak gora egin ahala. Krisialdiak egiturazko langabezia-poltsa handiak utziko ditu langabe helduenen artean, egungo egoera ekonomikoa hobea bada ere.

Urrian behera egin du langabeziak jarduera-sektore guztietan, lehen sektorean izan ezik (% 10,1 egin du gora). Eraikuntzaren sektorean izandako beherakada nabarmendu behar da, 220 langabe gutxiago baitaude, % 2,43 gutxiago, alegia. Industriaren sektorean langabeziak % 0,08 egin du behera eta zerbitzuetan % 0,74. Lan-esperientziarik ez dutenen artean, 38 pertsona gutxiago izan dira.

Termino erlatiboetan, eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, % 17koa; halaber, nabarmentzekoa da industriari lotutako langabeziaren beherakada ere (-% 10,2).

Desagregaziorik zehaztuenean, azken hilabetean langabezia elkartuaren beherakadarik nabarmenena izan duten jarduerak hezkuntza (-633) eta kirol, aisialdi eta jolas jarduerak (-108) izan dira. Langabeziaren igoera dela eta nabarmentzen diren jarduerak nekazaritza eta abeltzaintza (+245), janari eta edari zerbitzuak (+148), eraikinentzako zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak (+128) izan dira.

Urrian behera egin du iraupen luzeko langabeziak (1.036 pertsona gutxiago), eta gora iraupen laburrekoak (414 pertsona). Urteko erreferentzian ere beherakada handiagoa nabaritzen da iraupen luzeko kolektiboan (% 7,5eko beherakada), iraupen laburrekoen artean erregistratutako % 4ko beherakadaren aldean. “Iraupen luzeko langabeziaren portaera ona albiste ona da, eta susperraldi ekonomikoa langabetu kronifikatuenei ere aukerak ematen ari dela adierazten du”, azpimarratu du Artolazabalek.

Lurraldeak
Urrian langabeziak apur bat gora egin du Araban (+% 0,16) eta Gipuzkoan (+% 0,28), eta behera egin du, berriz, Bizkaian (-% 1,1). Urteko saldoan, portaera onena Gipuzkoak izan du, % 6,06ko beherakada erlatiboa izan baitu, ondoren Bizkaiak (% 5,87ko beherakada) eta, ondoren, Arabak (% 5,58ko beherakada).

Euskadiko hiriburuen artean, Vitoria-Gasteizen langabeziak behera egin du (27 langabe gutxiago), Bilbon ere behera egin du (298 langabe gutxiago), eta Donostian, berriz, gora (70 gehiago). Langabeziaren gorakada dela eta, nabarmentzekoak dira honako eskualde hauek: Urola Kosta (+91) eta Oarsoaldea (+29). Langabeziak behera nabarmen Ezkerraldean (-131), Gobelan (-98) eta Ibaizabalen (-95) egin du. Urrian bilakaera onena izan duten langabetuen profila honako hau da: emakumezkoa, 35-44 urte artekoa, eraikuntzakoa eta Bizkaiko bizilaguna eta bertakoa. Portaera txarrena izan duen profila, berriz, honakoa: gizonezkoa, 55-64 urte bitartekoa, Gipuzkoako bizilaguna, atzerritarra eta lehen sektorekoa.

Kontratazioak igoera esanguratsua izan du iazko hilabetearen aldean, eta gora egin du iazko hil bereko bolumenari dagokionez ere. Alde horretatik, 2017ko urrikoarekin alderatuta, kontratazioak Araban izan duen gorakada handia nabarmendu behar da. Azpimarratu behar da 2018ko urrira arte kontratu mugagabeak iazko lehenengo 10 hilabeteetakoak baino % 21,3 gehiago izan direla, eta kontratu guztiak kontuan hartuta gorakada % 5ekoa baino ez da. “Horrek adierazten du lan-merkatuaren suspertzea, alderdi kuantitatiboan ez ezik, kualitatiboan ere ari dela hobetzen”, erantsi du Artolazabalek.