Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planak 209 lanpostu sortzea sustatu du

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Ekimena sustapen ekonomikorako Donostia UP! Planaren barruan sartzen da; 466.404 euroko aurrekontua du, eta kontratazio kopurua handitu du 2017/2018 aldiarekin alderatuta.
  • Planak konpromiso argia du lan merkatura sartzeko zailtasun handiena duten sektoreekin: 45 urtetik gorakoak, emakumeak, 35 urtetik beherakoak eta iraupen luzeko langabeak.
  • Donostiako Udalak formalizatutako kontratuen bidezko 70 lanpostu, tokiko enpresetako 130 kontratu eta beste 3 kontratazio gazte bermearen planaren bitartez egingo dira.
  • Donostiako langabezia tasa % 8,9koa zen 2018ko irailean, eta % 9,5ekoa EAEn.

Eneko Goia Donostiako alkateak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendariak 2018/2019 Enplegu Plana aurkeztu dute, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako estrategiaren barruan. Ekimena Donostiako Sustapenak abian jarritako Donostia UP! Planaren parte da. Berrikuntza du gakoa, eta hiru ardatzen inguruan antolatuta dago: giza kapitala, enpresa lehiakortasuna eta lurralde kohesioa.

Tokiko Enplegu Planaren helburu nagusia da hiriko jarduera ekonomia sustatzea eta, horretarako, enplegua sortzea, eragin berezia izanda lan merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetan. Zentzu horretan, planak lehentasuna ematen die emakumeekin, 46 urtetik gorakoekin, iraupen luzeko langabeekin eta 30 urtetik beherako gazteekin egindako kontratuei. Halaber, bereziki indartzen du diru sarrerak bermatzeko errenta (DBSE) jasotzen dutenentzako kontratuen sustapena.

Plan hori tresna garrantzitsua da, eta hiriko jarduera ekonomikoa berraktibatzeko helburua duten Donostia UP! Planaren gainerako proiektuekin bat egiten du, hauekin, besteak beste: talentu berritzailea kontratatzeko laguntzak (proiektu berritzaileak garatzeko 35 urtetik beherako langile kualifikatuak kontratatzea sustatzeko laguntzak), Investiga programa (kualifikazioa duten eta ikerkuntzan aurreko esperientziarik ez duten 30 urtetik beherakoak kontratatzea sustatzeko laguntzak), nazioartekotzeko bekak (egun 35 bekako pakete bat du aktibo, nazioarteko maila goreneko erakundeetan proiektuak garatzeko) eta talentua itzultzeko programa (52.400 euroko ekarpena egiten du kontratu bakoitzarentzat, 35 urtetik beherako profil oso kualifikatuak itzultzera bideratutakoentzat).

Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artzolazabalek adierazi du tokiko enplegu planek “lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien duten jendearekin dutela konpromisoa”. Hala, programa hauek “gazteen lehen lan esperientziak errezten ditugu, gazte jendearen kontratazioak bultzatuz eta talde ahulenen aukerak hobetuz”. “Behar beharrezkoa da esparru estratejikoetan jende gaztearen aukerak bideratzea, baita aktibaziorako formakuntzan hobekuntzak lortzea. Euskadin jende gaztearen kontratazioa aurreikuspenen gainetik dago, guztira 1.868 gazte kontratatu direlarik”, esan du sailburuak.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du enpleguaren sorkuntza nagusia sektore pribatutik datorrela, “baina erakundeek ere lagundu dezakegu enplegua sustatzen eta sortzen lan merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzten esparruetan eta kolektiboetan”. Zentzu horretan, Goiak balioan jarri du erakundeen elkarlana enplegu planak diseinatzean eta egikaritzean. “Horiei esker, zailtasunak dituzten pertsona askok lan merkatura sartuko dituen enplegu bat lortu dezakete”.

Sustapen, Osteleritza, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Ernesto Gascok azpimarratu du “beharrezkoa dela erakundeen arteko lankidetza sendo bat, enplegua bezalako esparru zail batean elkarren artean landutako ekintzak bultzatzeko. 45 urtetik gorako edo gazteen arteko lan aukerak hobetzeko plangintza zehatzak diseinatzeko borondatea dugu, ahulezi gehien duten talde horien baldintzak hobetzeko asmoz”.

Enplegu Planerako sarbidea

2018/2019 Enplegu Planaren esparruan kontratazio prozesuan dauden pertsonak Donostiako herritarrak izan behar dira, langabezia egoeran daudenak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan lan eskatzaile gisa ageri direnak.

Horrela, nahitaez eman behar dute izena Lanbideren webgunean bi datatan argitaratuko diren lan eskaintzetan: lehena, 2018ko azaroaren 5aren eta 12aren artean, 32 lanpostu betetzekoa; eta, bigarrena, 2019ko urtarrilaren 2aren eta 9aren artean, gainerako 38 lanpostuetako bat betetzekoa. Lanbidek egingo du hautagaien lehen aukeraketa, eskainitako enpleguetan eta eskatzen den profilera egokitzen direnetan oinarrituta.

Udalak Donostia 2018/2019 Enplegu Planaren bitartez sinatutako kontratu guztiek hiru eta sei hilabete arteko iraupena izango dute. Helburua da 45 urtetik gorakoentzat 70 kontratazio lortzea; gainera, honako ehuneko hauek lortu behar dira, gutxienez:

  • % 30 diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titularrak.
  • % 15 55 urtetik gorakoak.
  • % 40 emakumeak.

Donostiako Udalak eta Gureak Garbitasunak Donostia Sustapena udal sozietatearen bitartez kudeatutako 70 lanpostuak honako jarduera hauetakoak izango dira:

  • Hiri mantentze lanak eta instalazioetako lanak. Nabarmentzekoa da pinturaren mantentze lana, 10 pertsonako talde batek osatutako brigadaren bitartez egin beharrekoa. Pinturako 8 langile postu. 2 talde buru.
  • Ikuskaritza lanak eta Alde Zaharrean hondakin handien hiri ordenantza betetzearen inguruko informazioa. Herritarren eskura jarriko dira herritarren betebeharrak ahal beste soiltzeko informazioa eta bitartekoak. Taldea 6 pertsonak osatuko dute. Alde Zaharrerako hondakinen araudiaren inguruko informazioa emateko 6 langile.
  • Ur eta saneamendu instalazioen mantentze lanak, ur eta saneamendu sarea osatzen duten elementuak (deposituetako etxolak, ganberak, aire zabalean dauden hodiak eta antzeko elementuak, eta abar) mantentzeko eta kontserbatzeko iturgintzako eta igeltserotzako 1. mailako ofizialen profiletan eragina dutenak. Taldea 4 pertsonak osatuko dute. Iturgintzako 1. mailako 2 ofizial postu, eta igeltserotzako 1. mailako beste 2 ofizial.
  • Dokumentalista eta katalogazio lanak. Nabarmentzekoak dira Uren Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuaren instalazioetako dokumentazioa berrikusteko, hura katalogatzeko eta sailaren artxibo eguneratu bat sortzeko lanak. Talde pertsona batek osatuko du. Dokumentalista lanpostu 1.
  • Ondare intereseko hilobiak mantentzeko igeltserotzako Nabarmentzekoa da Polloeko hilerriko ondare kulturalaren eta artistikoaren parte diren, egoera txarrean dauden eta argitaratu berri den “Ibilbidea Polloe hilerritik, Artea, Historia eta Pertsona Ospetsuak” gidan agertzen diren kaperak eta panteoiak berreskuratzeko lana. Igeltserotzako 2 peoi postu.
  • Polloerentzako espedienteak digitalizatzeko Nabarmentzekoa da hilobien espediente zaharrak eta berriak digitalizatzea abian jartzea, eguneratutako datu base bat sortzeko. Taldea pertsona batek osatuko du. Administratzaile postu 1.
  • Administrazio kudeaketako lanak. Nabarmentzekoak dira Gune Publikoaren Unitateak urtean zehar jasotzen dituen baimen eskaeren ikerketa xehatuan elkarlanean aritzeko lanak, hobetzeko alderdiak planteatzekoak, eta espedienteak gune publikoaren ordenantza berrira egokitzeko lanetan laguntzeko lanak. Taldea 2 pertsonak osatuko dute. 2 administratzaile postu.
  • Parkeetako eta lorategietako mantentze lanak. Nabarmentzekoak dira hiriko lorategi guneak mantentzeko eta posteak kentzeko lanak. Taldea 10 pertsonak osatuko dute. Lorezaintzako 8 langile postu eta 2 talde buru.
  • Bi proiektu bereiziri lotutako osasun ikuskaritzarako laguntzaileen Batetik, eskoletako jangeletako jakien eskaintza egokitzea NAOS estrategiaren nutrizio irizpideetara; bestetik, elikagaien jasangarritasuna ikertzea haien etiketen bidez eta balizko iruzurra bilatzea. Taldea 2 pertsonak osatuko dute. Osasun ikuskaritzarako 2 laguntzaile postu.
  • Osasuna sustatzeko laguntzaileen lanak, auzo mailako osasunaren aktiboak mapatzeari lotuak. Proiektuaren oinarria izango da hiriko auzoetan dauden osasun aktiboak identifikatzea herritarren ikuspegitik. Interesaren oinarria da herritarren parte hartzea zuzenean sartzea Donostiako osasunaren aktiboen mapa egitean. Taldea 2 pertsonak osatuko dute. Osasuna sustatzeko laguntzaileen 2 postu.
  • Mugikortasun Departamentuko lanak. Nabarmentzekoa da mugikortasuneko sekzio teknikoko errefortzua, hiriko obrak egikaritzekoa. Taldea pertsona batek osatuko du. Ingeniari tekniko edo obra publikoen ingeniari postu 1.
  • Kirol proiektuak dinamizatzeko lanak, bi proiektu bereiziri lotuak. Batetik, bizi ohitura osasungarriak sustatzea ariketa fisikoaren bitartez 65 urtetik gorakoentzat; bestetik, kirol entitateen foro bat sortzea eta abian jartzea. Taldea 2 pertsonak osatuko dute. Dinamizazioko kirol teknikari postu 1 eta kirol teknikari postu 1.
  • Aire zabaleko kirol pistak mantentzeko Nabarmentzekoak dira gabeziak hautemateko prebentziozko berrikuspen neurriak, eta mantentzeko neurri zuzentzaileak, adibidez, sareak aldatzea, jokorako marrak margotzea eta abar. Taldea pertsona batek osatuko du. Instalazioak mantentzeko langile postu 1.
  • Udal instalazioak garbitzeko Nabarmentzekoak dira eskolak, kultur etxeak eta abar mantentzeko eta garbitzeko lanak. Taldea 26 pertsonak osatuko dute. Garbiketako 23 langile postu eta 3 arduradun postu. Kontratazio horiek Gureak Garbitasunak egingo ditu.

Langabeen kontratazio guztiak formalizatuko dira Lanbideren laguntzen deialdian ezarritako baldintzei jarraituz, eta 2018ko abenduaren eta 2019ko martxoaren artean hasi eta, gehienez ere, 2019ko ekainaren 30ean amaitu beharko dira. Sektore pribatuak kontratatzeko laguntzen kasuan, enpresa bakoitzak gehienez bi laguntza lortu ahal izango ditu, eta horiek 2019ko urtarrilaren 14tik 2019ko otsailaren 8ra arte eskatu ahal izango dira. Gehienez, lanaldi osoko eta urte erdiko edo gehiagoko iraupeneko kontratu bakoitzeko 6.000 euro jaso daitezke; kopuru hori 9.000 eurokoa izan daiteke, kontratatutako pertsona lan merkatura sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako batekoa bada.