Bilboko Udalak eta Lanbidek prestakuntza eta enplegu plan berezia bultzatu dute Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdi batetik sortu da proiektu hau. Plana erdi bana finantzatzen du Bilboko Udalarekin, aipatutako auzoetan errotuta dauden lau erakunderekin lankidetzan: Claret Enea Gizartetxea, Gaztaroa Sartu Koop, Harrobia Ikastola eta Agiantza
  • Asteon hasiko da diruz lagundutako lehenengo ikastaroa. Bitartekaritza komunitarioa, hiri-eraberritzea, kirol eta musika ekitaldiak antolatzea, nazioarteko merkataritza eta turismo arloko laguntzailea dira urtearen lehenengo hiruhilekoan eskainiko diren ikastaroetako  batzuk
  • Planaren helburuak -345.000 € jarri dira horretarako- 120 pertsonari prestakuntza ematea eta auzo horietako bizilagunen enplegagarritasuna sustatzea dira, lan-merkatuan sar daitezen
  • Ekimen hau "Auzokizuna 2020" Jarduketa Partekatuko Planaren barruan dago. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, 13 milioi euro jarri zituen 2017an Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako garapen integralerako

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez euren indarrak batu dituzte prestakuntza eta enplegua sustatzeko Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan. Erakunde bien artean ordaindutako proiektu bat da eta auzootan errotutako lau erakunderen laguntza izan du.

Hain zuzen ere, Claret Enea Gizartetxea, Gaztaroa Sartu Koop, Harrobia Ikastola eta Agiantza elkarteek dozena bat prestakuntza-ikastaro emango dituzte aurtengo lehenengo hiruhilekoan. 120 pertsonek parte hartuko dute eta zerikusia izango dute hirian proiekzio handia duten jarduera profesional, komertzial eta kulturalekin.

Guztira, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Prestakuntza eta Enplegu Plan Bereziaren aurrekontua 345.000 eurokoa da: 245.000 euro Euskal Enplegu Zerbitzuak jarriko ditu eta 100.000 euro Bilboko Udalak. Planaren helburua da auzo horietako pertsonek –ahal denik eta gehien- lana aurkitzea eta epe ertainera edo luzera bizilagunen enplegagarritasuna eta profesionaltasuna hobetzea.

Proiektu hau Lanbideren diru-laguntzen deialdiaren barruan dago, hain zuzen ere, pertsona langileen –lanean ari zein langabezian egon- laneratzeko plan bereziak garatzeko deialdiaren barruan, betiere lana izateko edota lanean jarraitzeko  arazoak dituztenean. Lana izateko zailtasun espezifikoak dituzten taldeen gizarteratzeko eta lana aurkitzeko jarduketa integralak finantzatzen dira proiektu horren bidez.

Enpresa- eta Merkataritza-eredu bereizgarria

Proiektu berezi honen barruan antolatu diren ikastaroetako batzuk hauek dira, beste batzuen artean: nazioarteko merkataritza eta sukaldaritza, bitartekaritza komunitarioa, hiri-eraberritzea, kirol eta musika ekitaldiak antolatzea eta turismo arloko prestakuntza. Proiektu honen bidez, Bilboko Udalak Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan benetako aldaketa eragin nahi du, auzootako aktiboen garrantzia nabarmenduta eta horietako errealitateei erantzuna emanda.

Lan-merkatuaren diagnosia egin eta auzo horietan langabezian dauden pertsonen profilak nola egokitu aztertu ondoren, enpresa- eta merkataritza-eredu bestelakoa eta hiru auzoetan ezagun izan daitekeena sortzean jarri du arreta programak, horretarako auzo horien ahalak –aniztasun demografikoa, negozio-eredu hasiberriak…- baliatuta bertoko jarduera ekonomikoari bultzada emateko.

Ekintzailetzako ekimen berriak abian jartzearekin lotutako gaitasunekin lan egitea inguruko enpresa-dinamismoa hobetzeko: horra hor proiektuaren beste helburu bat, auzo horien "irudi bereizgarria" bultzatu nahi baita.

"Auzokizuna 2020" jarduketa partekatuko plana

Ekimen hau Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako bizitza-kalitatea eta bizikidetza hobetzea, gizarte-kohesioa sustatzea jarduera ekonomikoa sortzeko eta komunitate- zein kultura-bizitza dinamizatzea xede dituen "Auzokizuna 2020" Jarduketa Partekatuko Planaren barruan dago.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala nortasun nabarmena duten hiru auzo dira, eta horregatik bereizten dira uriko gainerako auzoetatik. Hala ere, leku pribilegiatuan daude, Bilboko bihotzean eta erdigune geografikoan.

Aniztasun etniko eta kulturala, solidaritatearen balioaren garrantzia, bertan dagoen komunitatearen ideia eta auzo horien gizarte-ehunari atxikitako kultura parte-hartzailea dira bertan nabarmendu daitezkeen balio batzuk, eta azken 20 urteetan auzoari birsortzen eta eraldatzen lagundu diote.

Horregatik, 250 gizarte-, kultura-, ekonomia- eta auzo-eragilek eta politikari eta teknikarik parte hartu zuten auzo horietan jarduteko plan integral berriaren idazketan. Plan berrian 2020. urtera arte egiteko lehentasunezko 64 jarduketa jaso dira, adostasunaren eta partaidetzaren emaitza.

"Auzokizuna 2020" planaren helburua da Bilboko Udalak duela 20 urtetik gidatzen duen hiri-eraldaketa sozial eta iraunkorrarekin jarraitzea. Urtero 140 esku-hartze baino gehiago egiten ditu eremu horretan garapena sustatzeko. 2017. urtean zehar bakarrik, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, 13 milioi euro bideratu ditu auzo horietan erabiltzeko.