Bilboko 2018ko Enplegu Planek 654 lanpostu berri sortuko dituzte eta gazteen laneratzea lehenetsiko dute

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Eusko Jaurlaritzak 6,9 milioi euroko inbertsioa egingo du eta Bilboko Udalak, berriz, 2,5 milioi eurokoa; guztira 9,4 milioi euroko inbertsioa egingo da ekonomia berraktibatzeko, kalitatezko enplegu egonkorra sortuz bereziki gazteen artean.
  • Edizio honetan, Enplegu Planaz gain, Gazteen Enplegu Plana ere bultzatu da, zehazki 16 eta 29 urte arteko hiritarrei zuzendutakoa, komunitate horren enplegagarritasuna hobetze aldera.
  • Enplegu Planak 567 lanpostu berri sortuko ditu, eta Lanbidetik 4.700.000 euroko diru-laguntza jasoko du; horri Bilboko Udalaren ekarpena ere gehitu behar zaio, 1.000.000 eurokoa.
  • Gazteen Enplegu Planari dagokionez, Lanbidetik 2.188.670 euroko diru-laguntza jasoko du, eta horri Bilboko Udalaren 1,5 milioi euroko ekarpena gehitu behar zaio; 87 lanpostu berritan izango du eragina.
  • 654 enplegu berrietatik, Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez, guztira zuzeneko 300 lanpostu kudeatuko ditu; besteak beste, eraikin publikoak birgaitu, baso brigadak osatu, hiri ekipamenduak hobetu eta hiriko zizeroi gisa jokatzera bideratuko dira, baita Europako programa eta programa sozialetara ere.
  • Bidenabar, enplegu plan honen testuinguruan, egoitza Bilbon daukaten zenbait enpresa pribatuk laneratzeko zailtasunak dituzten 354 pertsona kontratatuko dituzte.
  • Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu dutenez, bi enplegu planak oso tresna garrantzitsuak izango dira eta Bilbon enplegua eta jardun ekonomikoa sorraraztea daukate helburu, betiere iraunkortasun, berrikuntza eta lankidetza irizpideei jarraituz.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, aurten, 2018an abiaraziko diren Enplegu Plana eta Gazteen Enplegu Plana aurkeztu dituzte gaur goizean. Bi plan horiek garatzearen ondorioz 654 lanpostu berri sortuko dira laneratzeko zailtasun gehien dituzten komunitateetan. Oraingo honetan, 16 eta 29 urte arteko gazteen laneratzea lehenetsiko da, finantzaketa lerro zehatz batekin.

Aurkezpenean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok nabarmendu duenez, “Enplegu Plana zein Gazteen Enplegu Plana ezinbesteko tresnak dira, eta Bilbon enplegua eta jardun ekonomikoa sorraraztea daukate helburu, betiere iraunkortasun, berrikuntza eta lankidetza irizpideei jarraituz. Gure helburua enplegua zailtasun gehien duten pertsonen artean sustatzea da, eta, kasu honetan, Bilboko gazteen laneratzea lehenetsi dugu” gaineratu du.

Beatriz Artolazabal sailburuak adierazi duenez, “tokiko enplegua sortzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko apustuaren baitan kokatzen da Eusko Jaurlaritzak 2018ko Bilboko Enplegu Planari eman dion babesa”. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez “tokiko enplegu planetako jarduketak oso baliagarriak dira langabezia handia dagoen guneetan enplegua bultzatzeko”.

BERARIAZ GAZTEEI ZUZENDUTAKO ENPLEGU PLANA, LEHEN ALDIZ

2018ko deialdi honetan bigarren enplegu plan bat ere abiaraziko da, hain zuzen ere langabezian dauden 16 eta 29 urte arteko gazteentzat, Bilbon bizi badira eta erdi edo goi mailako titulazioa badaukate. Parte hartu nahi dutenek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan eman beharko dute izena, baita Gazte Berme Sisteman ere, enplegagarritasuna sustatze aldera, esperientzia profesionala eskuratuz.

Gazteei zuzendutako Enplegu Plan honen baitan 87 enplegu berri sortuko dira, 12 hilabeteko iraupenarekin lanaldi osoz, toki esparrutik sustatuta eta zuzenean Udalak eta udal erakunde eta arloek eginda. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak 2.188.670 euroko diru-laguntza bideratuko du enplegu plan honetara, eta horri Bilboko Udalak egindako 1.500.000 euroko ekarpena gehitu behar zaio; orotara, inbertsio publikoa, guztira, 3.688.670 eurokoa izango da.

Gazteen Enplegu Planak guztira 87 pertsona arte kontratatzea aurreikusi du, 16 eta 29 urte artekoak; hainbat profil profesional aurreikusi dira, eta besteak beste prestakuntza izango dute administrazioan, teknologia berrietan, proiektuen kudeaketan, komunikazioan, giza baliabideetan, web proiektuetan, arlo juridikoan, arkitekturan, dokumentazio eta agiritegi gaietan, turismo sustapenean, diseinuan, marketinean, hirigintzan, pieza historikoak zaindu eta birgaitzean, ingurumenean eta gizarte lanean.

Enplegu Planean bezala, eskaintzak zuzenean Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira, eta hortik hautagaitzak Bilbao Ekintza udal sozietatera bideratuko dira.

ENPLEGU PLANA, ZIFRETAN

Enplegu Plana bi ildo nagusiren inguruan antolatuko da: Erabilgarritasun edo interes publikoko jardueretarako toki mailatik kontratazioak sustatzea, Bilboko Udalaren, udal erakundeen edo arloen bitartez; eta enplegua sortzea bultzatzea, tokiko enpresa pribatuei kontratatzeko laguntzak emanez.

Lehenengo ildoaren barruan, 213 pertsona zuzenean kontratatzea aurreikusi da, udal arlo eta erakundeetan, gehienez 6 hilabetez. Horrez gain, Bilbon kokatutako enpresei 354 pertsona kontratatzeko laguntzak eskainiko zaizkie; kontratuak hiru eta sei hilabete artekoak izango dira. Guztira, 2018ko Enplegu Planak 567 lanpostu berri sortuko ditu Bilbon, 2017ko Enplegu Planean aurreikusitakoak baino 10 gehiago.

Enplegu plana garatu ahal izateko, administrazio publikoek 5.707.509,72 euroko inbertsioa egingo dute, eta horietatik 4.707.509,72 € Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak jarriko ditu, eta 1.000.000 euro, berriz, Bilboko Udalak. 2017. urtearekin alderatuta, une honetako enplegu planaren aurrekontua 143.422 eurotan areagotu da.

LANERATZEKO ZAILTASUN GEHIEN DITUZTEN PERTSONEI ZUZENDUTAKO ENPLEGU BERRIA

Enplegu Planean parte hartu nahi duten pertsona guztiek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan izena eman beharko dute, enplegu eskatzaile gisa. Horrez gain, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak, 35 urtetik beherakoak, langabezian luze izan diren pertsonak, 55 urtetik gorako pertsonak eta gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonak laneratzea lehenetsiko da. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona parte hartzaileen gutxienez %40 emakumeak izateko helburua ezarri badu ere, Bilboko Udalak ehuneko hori areagotu egin du, gutxienez %50era arte.

Kontratazio guztiak 2018ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira, eta 2019ko ekainaren 30a baino lehen bukatu. Udal erakunde eta arloetako zuzeneko kontratazioei dagokienez, eskaintzak zuzenean Lanbideren bitartez kudeatuko dira, eta handik Bilbao Ekintza udal sozietatera bideratuko dira; azken kontratazioaz Bilbao Ekintza arduratuko da. Aurreko enplegu planetan parte hartu dutenek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

Lantokia eta ekonomia jarduna Bilbon daukaten enpresei zuzendutako kontratazio laguntzei dagokienez, ezingo da diruz lagundu enpresak aurreko deialdietan diru-laguntza jaso duen langile bera kontratatzea.

PROFIL PROFESIONAL ASKOTARAKO ENPLEGU ESKAINTZAK

Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez kudeatuko duen Enplegu Planeko 213 lanpostuak, toki mailako interes edo erabilgarritasuneko jardunak garatzea helburutzat dutenak, proiektu hauetan daude kokatuta:

  • Hiri brigadak Elementuak, instalazioak eta hiri eremuak egokitzeko 76 lanpostu sortzea aurreikusi da, baita zerbitzu publikoak kudeatzeko ere.
  • Eraikin eta instalazioak birgaitzea Udal izaerako hiri eraikin eta instalazioak birgaitzeko 52 lanpostu sortuko dira. Horrez gain, enpresa, gizarte, kirol, aisialdi eta denbora libreko jarduerak egiteko instalazioak egokitu eta prestatzeko ere kontratatu dira.
  • Baso brigadak 24 pertsona hiri parke eta eremu berdeak zaintzeaz eta mantentze-lanak egiteaz arduratuko dira.
  • Hiriko garapen iraunkorra eta hiri irudia hobetzea Hiriko hirigintza plangintza garatzeko, espazio publikoa modu adimendunean erabiltzeko eta ingurumen kutsadura kontrolatu eta murrizteko 26 kontratazio egingo dira.
  • Enplegu planeko jarduerak koordinatzea eta jarraipena egitea 13 lanpostu plan honetan jasotako jarduketak kudeatu eta koordinatzera bideratuko dira.
  • Udal zerbitzuak hobetzea Guztira 16 pertsona arituko dira Bilboko herritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzen, baita auzoetako bizikidetza hobetzeko gizarte eta komunitatean esku hartzeko udal zerbitzuak hobetzen ere.

Hiriko beste proiektu batzuetan ere izango dira kontratazioak, esaterako sare sozialak eta marketina bultzatzea (2 pertsona), merkataritzaren sektorean jarduna dinamizatzea (3 pertsona) eta administrazio elektronikoa ezartzeko planean (1 pertsona).

DATUEK AURREKO PLANEN ARRAKASTA BERMATZEN DUTE

2017an Bilboko Enplegu Planean kontrataziorako laguntzen bidez parte hartu zuten enpresen % 80k langileak enplegatzen jarraitu zuten behin plana bukatuta. Gainera, 2017ko Bilboko Enplegu Planaren bidez enpresetan lana lortu zutenen % 68k lanean jarraitzen dute gaur egun. Udal elkarte edo arloekin egindako kontratazio zuzenen bidez Enplegu Planean parte hartu zutenei dagokienez, lau pertsonatik batek lana lortu du dagoeneko.

2017ko Enpleguko Planean parte hartu duten pertsonen %92 pozik agertu da izandako lan esperientziarekin. Batez ere, programan parte hartu duten pertsonekin izandako harremana, eskuratutako lan esperientzia, lanak egiteko babes eta ikuskaritza eta eskuratutako ezagutza profesionalak hartu dituzte aintzat.

Enplegu Planaren aurreko edizioan parte hartu zutenen artean Bilboko Udalak bultzatutako inkesta baten arabera, inkestatutako pertsonen %86 inguruk berriz ere hartuko luke parte ekimen honetan, eta %87k beste pertsona batzuei parte hartzeko gomendatuko lioke; %87ren ustez enplegua sustatzeko horrelako programak bultzatu behar dira.

Lantaldean Enplegu Planaren bitartez kontratatutako langileak izan dituzten udal arloetako arduradunen artean egindako azterketaren arabera, %98k proiektuan parte hartzea gomendatuko lieke beste arduradun batzuei, eta %96ren ustez garatutako jarduerari dagokionez helburu guztiak bete dira. Kontratatutako pertsonek egindako lana eta esperientziaren erabilgarritasuna izan dira alderdirik txalotuena.

Enpresetan kontratatzeko laguntzen bitartez 2017ko Enplegu Planean parte hartu zuten pertsonei dagokienez, erakundeen %98 pozik edo oso pozik ageri da ekimen honetan izandako esperientziarekin. Enpresen %91k azaldu du horrelako laguntzak berriz ere eskatuko lituzkeela, eta enpresen %100ek hurrengo Enplegu Planean parte hartzeko gomendioa egingo luke; %99ren ustez, enplegua sustatzeko horrelako programak bultzatzea beharrezkoa da.