Beatriz Artolazabalek Lanbidek Agurainen duen bulegoa bisitatu du; bertan, dokumentazioa digitalizatzeko plan pilotua dago martxan

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Lanbideren sare osoan urtean 1.200.000 dokumentu gutxiago sortuko dira eta, horretarako, dokumentazioa eskaneatuko da erregistroaren unean

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Lanbidek Agurainen duen bulegoa bisitatu du; Donibane plazan dago. Bertan, haren "hurbiltasuna" eta eraginkortasuna nabarmendu ditu; Euskadin izapidetutako dokumentazioa digitalizatzeko proba pilotuak egiten ari diren hiru bulegoetako bat da. Lanbide-Agurainek, halaber, aurrerapena dakar arreta-eredu pertsonalizatuagoan.

"Aurrerapen teknologikoen bidez, enpresek eta erakundeek "paperik gabeko bulegoa" izan dezakete helmuga, eta Lanbideren helburua da urtean 1.200.000 dokumentu gutxiago sortzea eta, horretarako, dokumentazioa erregistroaren unean eskaneatzea, kopia kautoak sortzea eta orijinalak leihatilara hurbildu den pertsonari itzultzea", esan dio Borja Belandia Lanbideko zuzendariak, Nestor Aranarekin batera, Artolazabal sailburuari.

Lanbidek, bertatik, Harana, Agurain, Barrundia, Iruraiz-Gauna, Zalduondo, Alegria-Dulantzi eta Asparrena udalerriei ematen die arreta, 10.763 pertsonari, eta 710 enplegu-eskatzaileri.

Lanbide, Agurainen duen bulegoan, erregistro digitalizatua ezartzen ari da; horren bidez, espedienteak arin eta eroso izapidetzen dira. Lokalak 189 metro koadroko azalera du, itxarongela, enplegu-zentroa, autozerbitzua, Lanbideko arreta-espazioak hitzorduarekin eta hitzordurik gabe, tutoretzako espazioak, barne-kudeaketakoa, arreta konfidentzialekoa –genero-indarkeria–, bilera-gela eta artxibategia, eta Lanbide hobetzeko eta eguneratzeko sustatzen den arreta-eredu berrira egokitzen da. Zazpi pertsonak ematen dute arreta eta 2004an ireki zen.