Beatriz Artolazabalek 2017-2020rako Enplegu Plan Estrategikoa aurkeztu du Legebiltzarreko batzordean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Enplegua sustatzeko zerbitzu eta programen inguruko sailen lan-gidalerroak.
  • Artolazabal: "egungo langabezia-tasa etengabe murriztea eta % 10etik beherakoa izatea; 2017-2020 aldian 45.000 enplegu sustatzea; aukera gutxiago duten pertsonei zuzendutako kontrataziorako pizgarriak izatea; eta errehabilitazioaren sustapen publikoa egitea".
  • Lan-aukera 20.000 gazteri, 2017-2020 aldian zehar.
  • Aurrekontu-zuzkiduraren estimazioa 1.175 milioi eurokoa da, 2017-2020 aldirako.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoa aurkeztu du; bertan, Eusko Jaurlaritzaren barruan enplegua sustatzeko zerbitzuak eta programak gauzatzen dituzten sailen lan-gidalerroak zehazten dira, enplegua modu zabalean ulertuta, alegia, lanaren, hezkuntzaren eta sustapen ekonomikoaren dimentsioekin lotutako alderdiak ere jasotzen dituela.

Artolazabalek azaldu du, "helburu estrategikoak honako hauen eraginetan zehazten direla: egungo langabezia-tasa etengabe murriztea, harik eta 2020ko azken hiruhilekoan % 10etik beherakoa izan arte; 2017-2020 aldian 45.000 enplegu sustatzea eta, horretarako, enpresa berriak sortzea; aukera gutxiago duten pertsonei zuzendutako kontratazioaren pizgarriak abian jartzea; eta errehabilitazioaren sustapen publikoa egitea, enplegua sortzeko sektore intentsibo gisa. Era berean, lan-aukera eskaintzen zaie 20.000 gazteri, 2017-2020 aldian zehar".

2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoa 9 eremu edo jardun-ardatzen inguruan antolatzen da: ETEak, ekonomia soziala eta tokiko garapena; ekintzailetzaren sustapena; gazteen enpleguaren sustapena; enplegurako prestakuntza; laneratzeko pizgarriak; errehabilitaziorako Renove programa; enplegu publikoa; enpleguaren kalitatearen hobekuntza; eta euskal enplegu-sistemaren hobekuntza.

9 jardun-eremu horiek 35 jardun-ildotan banatzen dira, eta horien helburua da ildo bakoitzaren esparruan garatu beharreko lehentasunezko ekimenak zehaztea eta, horretarako, helburu estrategiko zehatzak eta jarraipenerako eta ebaluaziorako dagozkien adierazleak zehaztea.

2020 EEEn bezala, 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoaren diseinuan prozesu parte-hartzailea jaso da, gizarte-eragileen, sindikatuen eta enpresa-eragileen eta beste erakunde batzuen (foru-aldundiak eta udalak) eta enpleguaren munduarekin bereziki zerikusia duten beste eragile batzuen ekarpenak izateko.

Planaren aurrekontu-zuzkiduraren estimazioa 1.175 milioi eurokoa da, 2017-2020 aldirako.

"2020rako Euskal Enplegu Estrategia –azaldu du Beatriz Artolazabalek– honako hauen ondorio da: eraginpean izan behar dituen erronka eta faktore kritikoen inguruko adostasuna, enplegu gehiago eta hobea sortzeko indarguneak eta aukerak, eta esku hartzeko eskatzen duten ahultasunak eta mehatxuak. Hori guztia, 2020ra begira".

Esparru-programa

Pasa den martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2020 Esparru Programa onetsi zuen; programa horrek ekonomiaren susperraldiaren dimentsioan Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren, nazioartekotzearen, industrializazioaren eta inbertsioaren arloan garatzen dituen oinarrizko ildo estrategikoak jasotzen ditu.  Hori guztia, enplegu gehiago eta hobea sortzeko.

Artolazabalen hitzen arabera, "Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2020 Esparru Programarekin eta 2020rako EEErekin bat etorriz, 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoak helburu estrategiko batzuk zehazten ditu, funtsean enplegua sustatzeko, honako hauek xede berezi izanik: ahulezia-egoeran bizi diren pertsonak; tokiko garapenari eta gizarte-ekonomiari lotutako laneratzea sustatzea; enplegurako prestakuntza bultzatzea; ekintzaileari modu integralean bide ematea; errehabilitazio-sektorean enplegua sortzeko programak aktibatzea; enpresarekin lotuago dagoen hezkuntza-sisteman sakontzea; enpleguaren kalitatea bermatzea; eta, gainera, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren balio-ekarpena hobetzea, euskal enplegu-politikan jarduteko tresna nagusi den aldetik".

Zeharka, Estrategia berriak arreta berezia eskaintzen dio emakumeak ekonomia- eta lan-jardueran baldintza-berdintasunean oinarrituta sartzea sendotzen duten neurriak hartzeari.

Nobedadea

Aurreko 2014-2016 Enplegu Planaren aldean, nobedade nagusia da enpleguaren kalitate hobetzearen eta Euskal Enplegu Sistema hobetzearen inguruko helburuak sartu direla, besteak beste euskal enplegu-sistemari buruzko lege-proiektua eta Lanbideren kudeaketa-eredu berria dira nabarmentzekoak, eta, horiekin batera, "enplegu gehiago eta hobea" helburuari erantzuteko enplegua sortzeko helburuei eusten zaiela.

Planaren gobernamendu-ereduak sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa aurreikusten du. Erakundeen artetik, lankidetzako erakunde-akordioak edo hitzarmen bereziak gauzatzea aurreikusten da, eta bereziki esanguratsua irizten zaio foru-aldundiekin eta euskal udalekin koordinazioan jarduteari. Sailen artetik, Sailen arteko Batzordea eratzea aurreikusten da, segimendu- eta ebaluazio-funtzioak beteko dituena; bertan, Planean inplikazio zuzena duten sail eta zuzendaritzek (Lana eta Justizia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura, Hezkuntza, Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa, Gobernantza Publikoa eta Autogobernua, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza eta Osasuna eta Ekonomia) hartuko dute parte.

Artolazabalen hitzen arabera, "kontu-ematea da gobernamendu-ereduaren funtsezko beste alderdietako bat; horretarako, Planaren urteko segimendua egitea aurreikusten da, Plana betetzen dela aztertzeko eta monitorizatzeko aukera ematen duten testuinguru, jarduketa eta inpaktuaren adierazle-sistema baten bidez. Era berean, 2017-2020 aldirako Planaren amaierako balantze globala egitea aurreikusten da, emaitzak ezagutzeko eta zehaztutako helburuak bete diren jakiteko, bai eta aldian zehar izan diren lorpen nagusien berri izateko ere".