Beatriz Artolazabal: "Euskadiko lan-merkatuak berriz ere erakutsi du krisialdiaren aurreko jokabide-eredu bera"

Argitalpen-data: 

  • Lanbiden 123.606 langabe daude erregistratuta, duela urtebete baino 9.604 gutxiago eta uztailean baino 2.549 gehiago

  • Behera egin du iraupen luzeko langabeziak, eta 954 pertsona gutxiago dira

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur zera esan du: “Euskadiko lan-merkatuak berriz ere erakutsi du krisialdiaren aurreko jokabide-eredu bera”. Abuztuan, tradizioan, Lanbiden langabe gisa erregistratutako pertsona-kopuruak gora egin izan du. 2018ko abuztuan, langabe-kopuruak gora egin du, eta 2.549 langabe gehiago egon dira.

Artolazabal sailburuak gogorarazi duenez: “krisialdiaren aurretik, hilabete horretan oporraldia dela eta izaten zen etenaldia handiagoa izaten zen; beraz, azken hilean ikusi den langabeziaren bilakaera normaltzat balioetsi daiteke eta krisialdiaren aurreko jokabide-eredura jo dela berriro. Halaber, nabarmentzekoa da Lanbiden inskribatuta dauden pertsona askok enplegu bat dutela baina baldintza hobeko beste bat bilatzen ari direla, eta horregatik da garrantzitsua etengabeko prestakuntza”.

2.549 pertsona gehiago dagoenez langabezian, Lanbiden 123.606 pertsona daude orain erregistratuta, eta langabezia-indizea % 11,5ekoa da. “Urtean zehar aldi hobeak eta txarragoak daude enpleguari dagokionez; beraz, komeni da urte arteko bilakaerari begiratzea, eta horrela ikusiko dugu duela urtebete baino 9.604 langabe gutxiago dagoela, alegia, % 7,21eko beherakada egon dela. Gure helburua da enplegua sortzen jarraitzea eta enplegu hori kalitatekoa izatea; horretan ari gara lanean”, esan du Artolazabalek.

Azken hilean, langabezia gehiago hazi da gizonen artean (% 3,19) emakumeetan baino (% 1,32), baina urteko joera kontrakoa da. Urtean, gizonezkoen langabeziak % 9,86 egin du behera eta, emakumeenak, % 5,14. Adinen arabera, langabeziak abuztuan adin-tarte guztietan egiten du gora, eta nabarmentzekoa da 25 eta 34 urte bitarteko taldeetan izan den gorakada, % 4,85ekoa.

Langabeziak zenbait jarduera-sektoretan egin du gora: industria-sektorean 652 langabe gehiago daude, alegia, % 4,66 gehiago; lehen mailako sektorean, % 0,23 gehiago; eraikuntzan, % 3,2 gehiago; eta, zerbitzuetan, % 2,47 gehiago.

Erkidegoko hiru lurraldeetan % 2 baino gehiago hazi da abuztuan langabe gisa erregistratutako pertsona-kopurua: Bizkaia % 2,03; Gipuzkoa% 2,1 eta Araba % 2,38. Urteko saldoan, portaera onena Gipuzkoak izan du, % 8,35eko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Arabak (% 7,71ko beherakada) eta, gero, Bizkaiak (% 6,54ko beherakada).

Abuztuan behera egin du iraupen luzeko langabeziak (954 pertsona gutxiago) eta gora epe laburrekoak (3.503 pertsona). “Iraupen luzeko langabeziaren portaera ona albiste ona da eta adierazten du suspertze ekonomikoa, halaber, aukerak ematen ari dela langabe kronifikatuen kasuan”, esan du sailburuak. Eta gogorarazi du urteko erreferentzian ere beherakada nabarmenagoa antzeman dela iraupen luzeko kolektiboan, % 8,11ko beherakada izan baitu, iraupen laburrekoen artean izan den % 6,21eko beherakadaren aldean.

Prestazioetarako eskubidea

Berriz ere enpleguaren gurpilean sartzen diren iraupen luzeko langabeek jasotzen dituzten aukera berrien ondorioz, zati batean, abuztuan areagotu egin da langabeziagatiko prestazioa jasotzeko eskubidea duen pertsonen ehunekoa. Baina ez da kausa bakarra. Beatriz Artolazabalen hitzen arabera: “ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea sortu duten eta uda-sasoiko baldintzak jasaten dituzten langileak, besteak beste hezkuntza-sistemako langileak, langabezian sartzean, langabezia-prestazioetan bat-batean igoerak daude”.

Gaur egun, langabe guztien % 30,2k eskubidea du prestazio sozial hori jasotzeko, pasa den hilean baino ehuneko 1,32 puntu handiagoa eta duela bi hilekoa baino 2,5 puntu handiagoa. “Baina ehuneko baxua izaten jarraitzen du, eta lanean jarraitu behar dugu, beraz. Enplegua aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak daude, eta Eusko Jaurlaritzan eta Lanbiden zenbait programa eta jarduketatan lanean ari gara, lan-merkatuari heldu edo berriz ere heldu ahal izateko”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Kontratuak

Azken hilean, 67.908 kontratazio egon dira eta, horietatik, 5.052, % 7,44, mugagabeak izan dira. Uztailean sinatutakoak baino % 22,49 gutxiago dira, baina 2017ko abuztuan baino % 5,1 gehiago. Artolazabalen iritziz, “nahiz eta uda-sasoiko ohiko mugagabeko kontratazioaren beheraldia antzematen den, kontratu mugagabeen ehunekoak jarraitzen du iazko hil berekoa baino handiagoa izaten”. Gainera, “kontratu mugagabeen metatua, dagoeneko, iaz data beretan geneukana baino % 21,76 handiagoa da".

Zehazki, 2018an kontratu guztien metatua 644.234 da, aurreko urteko hil berekoa baino % 5,33 handiagoa. Mugagabeak 56.867 izan dira, aurreko urtean baino % 21,76 gehiago.