Beatriz Artolazabal: "baldintza-berdintasuna eskaini eta gizon eta emakumeen plantillaren balioaren eta prestakuntzaren aldeko apustu egiten duten enpresek hobeto funtzionatuko dute"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  •  “Emaitza hobeak izango dituzte eta gizartean preziatuagoak eta aintzatetsiagoak izango dira”
  • Woman in Progress jardunaldiaren itxiera, Artium Museoan
  • “Uste det, laster, benetako berdintasuna ikusiko dugula, behintzat gure ingurunean.Euskadik, gizarteak eta enpresa-munduak Europako gako aurreratuak dituzte

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak uste du “baldintza-berdintasuna eskaintzen duten eta gizon eta emakumeen plantillaren balioaren eta prestakuntzaren aldeko apustu egiten duten enpresek hobeto funtzionatuko dutela, emaitza hobeak izango dituztela eta gizartean preziatuagoak eta aintzatetsiagoak izango direla”.

Women in progress” jardunaldian, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan, Egibide, Olabide, San Viator, Presentación de María eta Sagrado Corazón ikastetxeetako berrehun gazte inguru batu dira. Artolazabalek itxi du jardunaldia.

“Jardunaldi honetan onena da gazte ikasleak daudela, etorkizunerako ikasketei, lanari eta emantzipazioari dagokienez zer itxaropen duten ezagutzeko interesarekin”, esan du Artolazabalek. “Gizarte bat normalizatzeko, sozialki jasangarria izateko eta modernitatea, demokrazia eta elkartasuna oinarri hartuta lan egiteko, emakume eta gizonen parte-hartzeak antzekoa izan behar du arlo guztietan”.

Artolazabal sailburuak ikasleen kolektiboaren aurrean hitz egin duenean esan du “beren belaunaldiak ekarpen handia egin ahalko diola gure euskal gizartearen “normalizazioa”ri: ezagutza, irizpidea eta gogoa dituzue; gizon eta emakumeen arteko berdintasuneko ingurune positiboan bizi zarete… beharbada “berdintasuna” ez da erabatekoa, baina bai zuon lanaren helburu dena”.

“Dagoeneko erakusten ari zareten jarrera positibo horretan beste urrats bat ematera animatu nahi zaituztet, batik bat mutilak; bikaina litzateke euskal gazteriaz “berdintasunaren, errespetuaren eremuan Europako gazteria aurreratuenetako bat dela zabaltzea eta gizarte modernoaren eta aurreratuaren naturaltasunaz hitz egitea”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Inplikazioa

Artolazabalen hitzen arabera, “nabaria da soldata-desberdintasunen egoera badagoela, baina ez administrazio publikoan; bertan, pertsona guztiak dira berdinak, eta lanbide-kategoria edo lanpostu bakoitzerako soldata bat ezartzen da, hura emakume batek edo gizon batek bete”.

“Zorionez, gizarte osoa dago generoa dela eta enpresa pribatu batzuetan soldatetan dauden desberdintasun “orokorrak” desagertzeko lanean inplikatuta. Emakumeak lanak prestakuntzaz, dedikazioz eta ahaleginez hartzen ditu bere gain. “Baldintza-berdintasuna eskaintzen duten, pertsona guztien balioaren eta prestakuntzaren aldeko apustua egiten duten eta gizon eta emakumeen plantilla duten enpresek hobeto funtzionatuko dute, emaitza hobeak izango dituzte eta gizartean preziatuagoak eta aintzatetsiagoak izango dira”, esan du sailburuak.

Beatriz Artolazabalen iritziz, “Eusko Jaurlaritzak egoera horri aurre egiteko irtenbidea bilatzen dihardu lanean, Europako beste gobernu eta erakunde batzuek bezala. Duela hiru hilabete, Bruselak Gizarte Eskubideen Europako Oinarria aurkeztu zuen; bertan, hogei printzipioetako lau erreferentziatan, emakumearentzako berdintasunaren beharra aipatzen da, lan-merkatuari dagokionez, lan-baldintzei eta laneratzeari dagokienez”.

“Egia da batik bat gizonek zuzentzen dituztela enpresak, eta gure euskal gizarteak, erkidego aurreratu den aldetik, emakumeen parte-hartze handiagoa nahi du, bai zuzendaritza-koadro horietan, bai enpresa bakoitzeko gainerako staff-etan ere. Horrela, enpresak normaltasun handiagoa izango du, eta kalitate eta ekoizpen hobea”, esan du.

Demografia eta Familia

Artolazabal sailburuak gogoratu du euskal erakundeek sustatutako Familia Ituna; horren bidez, erantzunkidetasun handiagoa izango da emakume eta gizonen artean, egitekoak banatzean; horrek gorantz ari den demografian ere izango du eragina.

“Uste dut, laster, benetako berdintasuna ikusiko dugula. Behintzat, gure ingurunean. Euskadik, bertako gizarteak eta enpresa-munduak Europako gako aurreratuak dituzte eremu ekonomikoan, jasangarritasunaren eremuan, ingurunearekiko errespetuan, eta, orain, mende honetako zenbait kontzeptu desegoki onartu eta aldatzeko faktore soziala txertatzeko unea da”, esan du Artolazabalek.

Artolazabalen hitzen arabera, “kontua ez da bakarrik berdintasuna ordainsarietan, baita etxeko kudeaketako baldintzen berdintasuna ere, zereginen erantzunkidetasunean eta benetan zabalik eta aurreratuta dagoen gizartearen diseinuan. Nik neuk emakumeei gomendatzen diet, batez ere zuoi, gazteoi, gure gizartean sortzen ari diren lanbide berrien gaineko interesa erakusteko”.

Sailburuak neskei zera gomendatu die: “ikasketa bat edo beste hautatzeko prozesuan zaudeten neskei gomendatzen dizuet prestakuntza dualaren edo enpresaren eta zentroaren arteko prestakuntza partekatuaren aukerakbaloratzeko eta beste hizkuntza bat gehiago ikasteko, izan ere, zuon “balioa” biderkatu egingo da. Mutil gazteoi gizarte modernoa eta irekia eraikitzeko berdintasun-printzipio hori oinarri hartzeko gomendioa egiten dizuet”.