Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean zehaztu du Lanbideren kudeaketa hobetzeko identifikazio-mekanismo gisa aztarna digitala ezartzen ari dela

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau azaldu du: “Eusko Jaurlaritza aztarna digitala ezartzen ari da, Lanbideren kudeaketa hobetzeko identifikazio-mekanismo gisa, baita diru-sarrerak bermatzeko errentari dagokionez ere”.  Artolazabalek, Legebiltzarrean, honako hau aipatu du: “neurri teknologiko eraginkorra eta modernoa da, eta xehetasunez ari gara horretan lanean, legegintzaldiaren hasieratik. Konplexutasuna aintzat hartuta, abian jartzeko berme guztiak eta fidagarritasuna behar dira eta, horretarako, beharrezko zenbait proba egin ditugu, teknologiak egoki funtziona dezan”.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “fase pilotua amaituta, eta Lanbideren 10 bulegotan egin den probarekin bukatu ondoren, 2019ko martxorako zerbitzua zabaltzea” aurreikusten dela.

Zehaztu duenez, “boluntariotza-irizpidearekin, zerbitzuak identifikatzeko eta emateko datu biometrikoak ezarpenerako egutegiarekin bat etorriz erabiltzen ari dira. Egutegi horren etapak honako hauek dira: Vitoria-Gasteizko Txagorritxuko bulegoan 2017aren amaieran eginiko fase pilotua; 2018ko apirilaren eta irailaren bitartean proba-fasea egin da 10 bulegotan, eta 2019ko martxoan amaituko da, aplikazioa egonkortzeko behar diren egokitzapenak aintzat hartuta. Gaur arte, ostiralera arte, 9.005 pertsonak erabili dute borondatez. 2019ko martxotik aurrera, hedapen-fasea garatuko da, eta Lanbideren 42 bulegoetara zabalduko da”.

Identifikazioa, Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, Lanbideren zerbitzu guztietako erabiltzaile guztientzat izango da. “Administrazioarekiko harremanei bide emateko, funtsezkoa zen identifikatzeko eta kautotzeko eta herritarren sinadurarako sistema sinplea, azkarra eta segurua gaitzea. Aztarna digitalaren ezarpenaren bidez, Lanbideko profesionalei eta erabiltzaileei hobetu eta erraztu egingo zaie kudeaketa”.

Onurak

Sailburuak honako hau azaldu du: “derrigortasuna edo exijentzia Legebiltzarrak legea hobetzeko eta eguneratzeko egiten dugun proposamenari ematen dion babesaren araberakoa izango da. Hasteko, aztarna digitalaren erabilerak bi onura ekarriko dizkie borondatez beren datu biometrikoak eman dituzten pertsonei: urte-amaiera baino lehen “giltza” sistemaren bidez sartu ahalko da Lanbideren zerbitzuen atari digitalean , azkar eta seguru; eta, gainera, Lanbideko bulegoetan kontsulta informatikorako jartzen ari diren totem edo oinazpikoetan, aztarna digitalaren bidez, martxotik aurrera, aurretiko hitzorduak izapidetzeko eta kudeatzeko txartela azkar emango da”.

“Lanbideren zerbitzu guztietan erabiltzaile guztientzat datu biometrikoak erabiltzeko eskakizuna legezko gaikuntza egokiaren araberakoa izango da; gaur egun diru-sarrerak bermatzeko errenta aldatzeko lege-proposamenean sartuta dago, baina Ganbera honetan izapidetzeko dago oraindik. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du aztarna digitala ezartzen, Lanbideren zerbitzuen kudeaketa hobetzeko identifikazio-mekanismo gisa, besteak beste diru-sarrerak bermatzeko errenta bera”, esan du sailburuak.