Artolazabal: Lanbideren datuen arabera, duela urtebete baino 10.784 langabe gutxiago dago; ekainan, 2.316 langabe gutxiago egon da:

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Langabeziak adin-talde guztietan egin du behera, hiru lurraldeetan eta gizon eta emakumeen artean
  • Bost urtean, 53.528 langabe gutxiago dago
  • 2018ko lehen seihilekoan, kontratu mugagabeen kopuruak % 21,8 egin du gora, aurreko urtearen aldean

Euskal Autonomia Erkidegoan, ekainaren amaieran, 120.485 pertsona egon dira langabezian erregistratuta –aurreko hilean baino 2.316 pertsona gutxiago–; alegia, % 1,89ko beherakada egon da. Urte arteko terminoetan, 10.784 langabe gutxiago izan ziren, alegia, % 8,22 gutxiago; izan ere, duela urtebete, Euskadik 131.269 pertsona zituen langabe gisa erregistratuta. Zifra horrekin, erregistratutako langabezia-indizea % 11,2koa da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du “bost urtean, 53.528 pertsona gutxiago dagoela langabezian”; izan ere, 2013ko ekainean Lanbiden 174.013 pertsona zeuden langabezian erregistratuta. Azken hilabete honetan, langabeziak adin-talde guztietan egin du behera, hiru lurraldeetan, jarduera-sektore guztietan, baina gutxiago lehen mailako sektorean eta gizon eta emakumeen artean. Halaber, iraupen laburreko eta luzeko langabeziak ere behera egin du, “baina desberdintasunak daude”. Artolazabal sailburuak nabarmendu du “Lanbidek lanean jarraitzen duela lan-merkatuan zailtasun gehien duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko; izan ere, suspertze ekonomikoak ere aukera eman behar die kronifikatuen dauden langabeen aukerei”.

Langabezia kronifikatuan dauden pertsona horien artean, prestakuntza gutxien daukatenak daude. Gaur egun, langabeen % 62,08k, 74.808k, gutxienez derrigorrezko hezkuntzako ikasketak ditu. “Nahiz eta azken urtean oinarrizko prestakuntza-maila duten pertsonen artean langabeziaren beherakada % 8,40koa izan den, azken hilabetean oinarrizko prestakuntza-maila duten pertsona langabeen kopurua handitu egin da (1.589)”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Sektoreak

Zerbitzuen sektorean langabezian daude 1.316 pertsona gutxiago, industrian 485 pertsona gutxiago eta eraikuntzan 244 gutxiago. Lan-esperientziarik ez dutenen artean ere 301 pertsona gutxiago dago. Termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, -% 18,70ekoa; halaber, nabarmentzekoa da industriari lotutako langabeziaren beherakada (-% 11,09).

Desagregaziorik zehaztuenean, azken hilabetean langabezia elkartuaren beherakadarik nabarmenena izan duen jarduera txikizkako merkataritzarena izan da; 487 langabe gutxiago ditu. Langabezian beherakada esanguratsuak izan dituzten beste jarduera batzuk: egoitza-establezimenduetako asistentzia (-220), eraikinentzako zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak (-200), enpleguarekin lotutako jarduerak (-193) eta etxeko langileei enplegua ematen dieten etxeak (-154). Urtero bezala, data hauetan, udako oporraldia heltzean, langabeziaren gorakada nabarmena antzematen da hezkuntzan (+509).

Kontratuak eta afiliazioa

Kontratazioa dela eta, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak bereziki balioetsi du urteko lehen erdialdean kontratu mugagabeen gorakada. “2018ko lehen erdialde honetan, kontratu mugagabeen kopurua iazko lehen seihilekoan genuena baino % 21,8 handiagoa da, eta kontuan hartuta, gainera, kontratuen multzoak % 4,9 baino ez duela egin gora”. 2018ko lehen seihilekoan sinatutako mugagabeen metatua 45.335 kontratukoa da. Artolazabalen hitzen arabera, “horrek adierazten du lan-merkatuaren suspertzea, alderdi kuantitatiboari dagokionez ez ezik, kualitatiboan ere ari dela hobetzen”.

Zehazki, ekainean, 95.357 kontratazio egon dira eta, horietatik, 7.928, % 8,31, mugagabeak izan dira. Aurreko hilabetearen aldean, kontratazio-bolumenak % 4,3 egin du gora; 2017ko ekainaren aldean, % 1,8.

Afiliazioari dagokionez Euskadik 1.674 pertsona gehitu ditu ekainean. Guztira, 653.783 afiliatu daude hiru lurraldeetan. Aurreko urtearekin alderatuta igoera 20.338 pertsonakoa da.