Artolazabal: Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020ko Esparru Programak enpresen lehiakortasuna indartzen du, eta susperraldi horrek enplegu gehiago izatea dakar

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • “Enpleguaren Nazioarteko Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko" inauguratu da Vitoria-Gasteizen
  • Jamie Hepburn, Eskoziako Enpleguko eta Lanbide Gaitasuneko ministroa, eta Sylvain Giguère, ELGAKO Ekonomiako eta Tokiko Enpleguko Dibisioko burua izango dira bertan.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020ko Esparru Programa “euskal enpresen lehiakortasuna indartzen ari da, susperraldiak enplegu gehiago eta enplegu hobea izatea ekar dezan”. ‘Enpleguaren Nazioarteko Biltzarra. Erronka, aldaketa handia egiteko’ izenburuarekin Gasteizen inauguratu den jardunaldian sailburuak azpimarratu du langabezia pixkana behera egiten ari dela eta beharrezkoa dela langileak teknologia berrietan trebatzea.

“Enplegu gehiago izateak arduratzen gaitu, baina baita enplegurik onena izateak, enpleguaren kalitateak, egonkortasunak eta lan-baldintzek ere. Arlo guztietan goaz hobeto, baina bide horretan eta urrats berriak ematen jarraitu behar dugu. Gizarteak gehiago egingo du aurrera gizarteko kide eta antolakunde guztiek bizi-baldintza hobeak badituzte", esan die Artolazabalek Europako Biltzar Jauregian elkartu diren 200 profesionalei.

Artolazabalen ustez, "Euskadi ez da irla bat, ekonomia globalizatuan eta ingurune oso jakinean bizi gara, eta, Europar Batasunaren baitan, nahasmendu makroekonomikoek eragina dute mikroetan. Gure enpresek planeta osoko korporazioekin lehiatzen dute, eta horregatik dute eragina gugan hemengoak ez diren egoerek edo hemen hartzen ez diren erabakiek. Guk nahi izan ala ez izan, merkatua globala da”.

“Gure Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa herri-estrategia baten moduan antolatuta dago, eta 8.800 milioi euro zuzkitu zaion estrategia integratuari esker langabezia murriztu egin da eta % 10etik beherakoa da jada. Azken hilabete honetan 622 pertsona sartu dira lan-merkatuan”.

Artolazabalek gazteen enplegua sustatzeko ekintzak ere aipatu ditu, eta esan duenez, “lan-aukera bat eskaintzen ari dira gazte askori. Euskadin enpresa txikiei eta ertainei nazioartekotzen laguntzen ari gara, eta Europan berrikuntza handiko eskualde gisa sendotu nahi dugu 1.500 enpresa modernizatzeko eta digitalizatzeko. Horrek guztiak prestakuntzarako eta formakuntzarako etengabeko konpromisoa eskatzen du”.

 Formakuntza

“Horregatik berresten dugu prestakuntza dualaren eta lantokietako lanbide heziketaren aldeko apustua. Esparru Programak 2020 urterako honako ondorioak izatea aurreikusten da: 45.000 enplegu sustatzea, 6.000 enpresa berriri laguntzea, 100 ikerkuntza-proiektu berri finantzatzea, 1.200 ETEri laguntzea kanpoko merkatuetara zabal daitezen, 1.100 ETEri laguntzea modernizatzeko eta zabaltzeko proiektuetan, eta ETEetan 4.100 berrikuntza-proiekturi laguntzea”, erantsi du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabalek Biltzarrera bertaratu direnei adierazi dienez, “euskal gizartea egunero ari da lanean Europar Batasunean aurre-aurrean egoteko gizarte-kohesioaren, elkartasunaren, garapen ekonomiko jasangarriaren eta giza balioen defentsaren arloetan".

“Europar Batasuneko gainerako lurraldeak bezala, Euskadik garai zaila bizi izan du merkatuen egoeraren eta ekonomiaren krisiaren ondorioz. Legealdi honi ekin genionean, 2016ko azaroan, langabezia-tasa Euskadin % 12,6koa zen; 2015ean % 16,7koa zen. Gaur, bi urteren ondoren, % 9,5ekoa da, eta joeren arabera ehuneko horrek behera egiten jarraituko du. Gaur bertan jakin dugu urrian beste 622 pertsonak aurkitu dutela lana Euskadin, eta datu ona da”.

Brexita, Italiaren eta Europar Batasunaren arteko egoera, Estatu Batuek eragiten dituzten ustekabeko ondorioak, hainbat puntutan sortzen ari diren saiakera ultrak, Afrikako eta Ekialde Ertaineko leku askotako errealitatea... gure enpresetan eragina izan dezaketen testuinguru makroekonomikoak dira. Une positiboan gauden arren, hazkunde ekonomikoa dugulako eta adierazleek bide onetik goazela adierazten digutelako, lan-merkatuan esku hartu beharra dago” ohartarazi du Artolazabalek.

Etengabeko aldaketa

Artolazabalek adierazi du enpleguaren unibertsoa gero eta gehiago eta gero eta azkarrago ari dela aldatzen. “Gure biloben enplegua nolakoa izango ote den galdetzen diogu geure buruari. Formakuntza eta ekoizpen prozesuak etengabe ari dira garatzen eta aldatzen, horrek dakartzan erronka eta aukera guztiekin, eta horregatik jarraitu behar dugu mugitzen, gure inguruan, eta hemendik milaka kilometrora, gertatzen dena entzuten, begiratzen eta aztertzen”, esan du.

“Gaur Euskadiko hiriburuan hasiera eman diogun biltzar hau asmo argi batekin sortu zen: Jaurlaritzak jakiteko nola mugitzen diren beste ingurune batzuetako lan-merkatuetako beste eragile batzuk. Iritziak eta esperientziak trukatu nahi ditugu.

Horretarako, gaian erreferentzia den txostengile talde aparta dugu. Horien artean, Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua. Eta Arabako Teknologia Parkea, Gasteizko Mercedez Benz enpresa, Aernnova edo Ega Master gai honetan nola ari diren lanean jakiteko aukera ere izango dugu. Gainera, Trento eskualdeak eta Eskozia herrialdeak, esate baterako, euren esperientzien berri emango digute”, esan du sailburuak, eta “enpleguaren arloko politika aktiboak funtsezkoak dira helburu guztiak lortzeko”, erantsi du.