Argitalpen-data: 2017/04/05

Mahaiko bereizgarriak

Lanbide.

Jendaurreko lanpostuetan lan egin eta hizkuntza eskakizunen bat egiaztatua duten langileek egunotan mahaiko bereizgarriak jaso dituzte. Helburua da bereizgarrion bidez Lanbideko erabiltzaileek langile euskaldunak antzematea. Hala, dagokion hizkuntza-eskakizuna lortua duten langileek bereizgarria jarriko dute bere lanpostuan. Bestalde, nahiz eta lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez, baina euskaraz lan egin nahi duten langileek ere, nahi izanez gero, jar dezakete bereizgarria.

Norberaren euskara mailaren arabera, lanean erosoago jarduteko, bi mezu ditu bereizgarriak: batetik, Nahi baduzu euskaraz mezua euskaraz jarduteko gaitasun nahiko duten langileentzat, eta bestetik, Nahi baduzu euskaraz… poliki mesedez ikasten ari naiz eta mezua, euskara ikasten ari direnentzat eta lanean euskaraz jardun nahi dutenentzat.

Bereizgarrien banaketarekin beste urratsa bat eman nahi da euskara ere lan egiteko hizkuntza izan dadin, batez ere herritarrei ematen zaien zerbitzuan. Izan ere, kalitatezkoa izan nahi duen administrazio batek %100 bermatu behar du zerbitzua hizkuntza ofizialetatik edozeinetan eskaintzeko moduan dagoela.