Argitalpen-data: 2017/03/17

LANBIDEN IZENA EMANDA DAUDEN ETA LANGABEZIAN DENBORA LUZEA DARAMATEN 43.228 PERTSONAK JASO ZUTEN ARRETA ETA ZERBITZUA 2016AN

Lanbide.

  • 2020ko Enpleguaren Euskal Estrategiak ikuspegi pertsonalizatura bideratutako jarduerak eta esku-hartzeak jasotzen ditu
  • Tokiko planetan laguntza berezia emango zaie langabezian urtebetetik gora daramatenei, iraupen luzeko langabetzat hartzea itxaron gabe

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur goizean Eusko Legebiltzarrean adierazi du "lanik ez duten pertsonak kronifikatzea da gure kezkarik handienetako bat, eta arlo horretako gure politika eta jarduerek lehentasun osoa dute gizatalde hori lan-mundura itzultzea lortzeko".

Artozalabal sailburuak adierazi duenez, Lanbiden izena emanda zeuden eta denbora luzea langabezian zeramaten 43.228 pertsonak jaso zuten 2016an zerbitzu jakin bat. Guztira 198.811 arreta-zerbitzu eman ziren, eta horietatik % 78 orientaziokoak izan ziren, % 14 prestakuntzakoak eta % 9 enpleguaren sustapenekoak.

Artolazabalek azaldu du lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntzeko jarduerak "estrategia integral" batean oinarritzen direla. Sailburuak zehaztu du 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak jasotzen dituen jarduerak eta esku-hartzeak "pertsona bakoitzaren premia espezifikoak kontuan hartuko dituen ikuspegi pertsonalizatua lortzera" daudela bideratuta, "bai eta birkalifikazioa lortzera ere prestakuntza eskasa duten pertsonen kasuan edo, hainbat arrazoirengatik, urte askoan lan-merkatutik kanpora egon diren pertsonen kasuan". Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat tresna ditu horretarako, besteak beste, laneratzeko enpresak eta kontrataziorako pizgarriak.

Beatriz Artolazabalek adierazi du lanik gabe denbora luzea daramaten pertsonek urtero jasotzen dutela Lanbiden "tratamendu pertsonalizatua, eta bere baliabideak eta premiak identifikatzen dira Lanbiden Enplegu Akordio

Pertsonala deitzen denari hasiera emateko". Plan horrek barne har ditzake tutoretza, enplegua bilatzeko laguntza, prestakuntza osagarria eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatzeko laguntza.

Bestalde, 2015etik garatu diren eta hogei milioi euroko zuzkidura izan duten tokiko laguntza-deialdietan lehentasunezko kolektibotzat hartzen da kontratazioetarako, bai enpresentzat bai udal edo foru erakundeentzat, egoerarik ahulenean dagoen gizatalde hori, eta, batez ere, azken urte eta erdian lanik gabe hamabi hilabetetik gora daramana. "Ekimen hori abian jartzen dugu pertsona horiek langabezian bi urtetik gora egoteari itxaron gabe", esan du Beatriz Artolazabalek, eta azpimarratu du "enplegua da gure lehentasuna: enplegu gehiago eta hobea lortzea".