Argitalpen-data: 2017/04/07

Lanbidek Future Lan sortu du, 2030. urtera arteko enpleguaren proiekzioak dituen tresna.

Lanbide.

  •  Euskadiko enpresen langile-eskaerari lotuta informazio goiztiarra eskuratzea ahalbidetuko du
  •  Futurelan webgunearen bitartez, edozein erabiltzailek informazioa eskura izango du
  •  Future Lanek informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa ditu, sektore ekonomikotan eta talde okupazionaletan banatuta
  •  Enpleguaren bilakaeraren eta proiekzioen datuak sexuaren arabera ere banatuta daude

 

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak Future Lan aurkeztu du, Euskadiko Enplegu-prospektiba eta lan-joeren behatokia. 2030. urtera arte Euskadiko ekonomia- eta okupazio-sektoreen enpleguaren proiekzioak dituen tresna bat da.

Future Lanek web orri forma dauka: http://www.lanbide.euskadi.eus/futurelan eta edonork bisita dezake. Era horretan, bertan jasotako informazioa hainbat diziplinatako erabiltzaileek eta profesionalek erabil dezakete.

Hain zuzen ere, Future Lanen helburuetako bat hauxe da: enplegu- eta prestakuntza-politiken arloan erabaki eraginkorragoak hartzen laguntzeko tresna bat eskaintzea, lan-merkatuarekin lotuta, esparru pribatuko eta administrazioko maila diferenteen artean informazio garrantzitsuaren transmisioa hobetuz.

Lanbideko arduradunen iritziz, Future Lan funtsezko baliabidea da Euskadiko enpresen langile-eskaerari eta etorkizuneko langile kualifikatuei lotuta gerta daitezkeen bat ez etortzeei buruz, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan informazio goiztiarra lortzeko, okupazioen eta ekonomia-sektoreen ikuspuntutik.

Behatoki honek web interesgarri bihurtu nahi du enpresetan profesionalen inguruan etorkizunean egongo den eskaerari buruzko informazio erabilgarria behar duten pertsona eta erakunde guztientzat, baita etorkizuneko lan-merkatuan eragingo duten joera nagusiei buruzko bestelako informazio garrantzitsua behar dutenentzat ere.

Future Lanek bi motatako informazioa du: Informazio kuantitatiboa, enpresetako enplegu-eskariaren proiekzioekin, sektore ekonomikoetan eta talde okupazionaletan sailkatuta; eta Informazio kualitatiboa, okupazio-joerei eta gaitasun-aldaketei buruzkoa.

Enplegu-proiekzioei dagokienez, informazioak bi denboraldi hartzen ditu: lehendabizikoa 2005. urtetik 2015.era arte, sektore ekonomiko eta okupazioetan izan den eboluzioari buruz, Lan Merkatuaren Erroldako datuekin; eta, bigarrena, 2016. urtetik 2030.era arte, sektore eta okupazio horietan aurreikusten den eboluzioari buruzko datuekin.

Informazio kuantitatibo hori eskuratzeko “sektore” eta “okupazio” estekak erabil daitezke; eta esteka horietan honako hauek agertuko dira: Eboluzioaren datuak —benetakoak eta aurreikusitakoak—; enpleguaren banaketa, aukeratutako sektorearen okupazioen arabera, eta enpleguaren banaketa produkzio-sektoreen arabera, aukeratutako okupaziorako.

Sektoreetan zein okupazioetan enpleguko proiekzioak eta eboluzio-datuak sexuen arabera bereizita daude; hala, emakumeen eta gizonen kasuan, gaur egungo enplegua eta etorkizunean egon daitezkeen eskaerak aztertzeko aukera ematen du.

Web orriak, gainera, eraikitzeko aukera ematen du, informazio interesgarria, alderatzeko beharrak aukeratuz, eta informazio hori grafikoki irudikatzeko diseinu egokiena hautatuz. Aukera horretara ‘Nire behatokia’ estekan sakatuz sartzen da.

Informazio kualitatiboa —okupazioetan eragingo duten joerei eta hauek etorkizuneko konpetentzia-aldaketen gainean izan dezaketen eraginari buruzkoa— 'lanbideak' orrian erakusten da. Intereseko okupazioa aukeratuz gero, informazioaren honako alderdi hauek eskura daitezke: okupazio horretarako Europan etorkizunari begira aurreikusten dena; eboluzio horrek zein sektoretan eragingo duen gehien; joerak eta gaitasunen aldaketak, honako multzo hauetan banatuta: erakundeen joerak, joera teknologikoak eta joera ekonomikoak.

Informazio kualitatibo hori, era berean, lan-merkatuaren etorkizunari buruzko txostenen bitartez osatzen da. Txostenak sektorialak edo okupazioei buruzkoak izan daitezke. Txosten horiek web orrian jarriko dituzte sektoreetako adituek, eta gure inguruneko zein nazioarteko lan merkatuaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren analisiarekin lotutako erakundeek. Future Laneko ‘Albisteak’ estekaren bitartez, azterketa-esparru espezifiko bati buruzko informazioa zehatza duten dokumentu horiek guztiak deskarga daitezke.

Dena dela, Lanbideko arduradunek azpimarratu dute elkarlanerako lan-tresna dinamikoa ere badela, informazioaren output kuantitatibo nahiz kualitatiboak baititu, bai eta bateratze-gune bat ere Euskadiko lan-merkatuko eragile nagusientzat. Horregatik, bertan bildutako informazioa etengabe gainbegiratuta egongo da.

Informazio-iturriak

Lanbidek Erasmus + europar programan izan duen parte-hartzearekin Simovet, Smart Information Models To Adequately Adapt Vocational Training To The Labour Market Needs proiektuaren esparruan, Lanbideko prospekzio-taldeak beste esperientzia batzuen berri izatea lortu du, eta lan-merkatuko prospektiba-sistemei eta -tresnei buruz beste eskualde batzuekin ezagutza trukatu ahal izan du. Horiek guztiak dira gaur egungo Future Lanen oinarria.

Europako joerak aztertzeko, Skills Panorama (Gaitasunen Panorama) programak jasotako informazioa erabili da. Programa hori Cedefop-ek gidatu du, Lanbide Heziketa Garatzeko Europako Zentroak. Cedefop EBko erakunde bat da eta honako hauek biltzen ditu: arduradun politikoak, sindikatu- eta enpresa-elkarteak, prestakuntza-erakundeak, irakasleak eta prestakuntza-arduradunak, eta adin guztietako ikasleak; hau da, heziketarekin eta lanbide-hezkuntzarekin interesa eta zerikusia duten guztiak. Cedefop hezkuntza-sistemen eta lan-munduaren arteko bidegurutzean dago, eta foro bat balitz bezala lan egiten du; izan ere, ideiak partekatzeko interesa duten erakundeek forotzat erabil dezakete, eta Europako heziketa eta lanbide-hezkuntza hobetzeko modu egokiena zein den eztabaidatu dezakete.

Skills Panorama Europako Batzordeak sortu zuen ebaluatzeko eta gaitasunen beharrak aurresateko Europak duen ahalmena hobetzeko, eta hezkuntza-sistemak eta prestakuntza-sistemak lan-merkatuaren beharrei emandako erantzuna hobetzen laguntzeko. 2014ko urtarriletik, Cedefop ari da Skills Panorama programaren garapenean buru izaten, Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiarekin (DG EMPL) elkarlanean.

Skills Panorama okupazioetan eta sektoreetan dauden kualifikazio-beharrei buruzko datuak, inteligentzia eta informazioa eskuragarri jartzen dituen datu-bilketarako gune zentral bat da. Herrialde mailako datuak eta iturriak eskuragarri jartzeaz gain, gaitasunen eskaintzan eta eskaeran dauden joerei buruz, eta gerta daitezkeen trebetasunen desegokitasunei buruz, europar ikuspuntua ematen du.

Future Lanek ekoizpen-arloen eta okupazioen etorkizunerako informazioa ere badu, informazio-iturri ugaritatik bildutakoa eta parte-hartzaile desberdinetatik lortuta. Horrela, etengabeko garapenean, informazio interesgarria biltzen joango da unibertsitateetatik, enpresetatik, zientzia eta teknologia zentroetatik, sektore-adituengandik eta nazioarteko lanaren eta hezkuntzaren erakundeetatik edo prospektibatik: Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT), OECDren (Economics Department Working Papers), CEDEFOPek egindako azterketen, National Institute Economic-en, World Business Council for Sustainable Development-en, World Economic Forum-en, ONUren, World Future Society-ren, Futuribles-en, eta beste hainbat txostenen datuetatik aurrera begira egindako azterketak. Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozioekonomikoen sektoreetako txostenak ere nabarmendu behar dira, bai eta eragile horiek aktiboki lan egiten dutela ere Future Lanen dagoen ezagutza-maila hobetzen.