Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Vitoria-Gasteizen, Salburuan, Zaramagan eta Zabalganan, Lanbideren bulegoak ezartzeko lokalak erosteari

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Zumakadikoa mantentzen du, berri bat sortzen du Salburuan eta berrietara lekualdatzen ditu Txagorritxukoa eta San Martingoa
  • Herritarrei zerbitzu egiten dieten 3 bulegoak 4 izango dira aurrerantzean: Zaramaga, Zabalgana, Zumakadi eta Salburua, eta zerbitzu zentralak Txagorritxun mantenduko dira
  • Artolazabal: “arreta pertsonalizatuko postuen berrantolaketa eta zabalkuntza horri esker, Lanbidek modu hurbil eta antolatuagoan eskainiko ditu zerbitzuak”

Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, oniritzia eman dio Gasteizen, Salburuko Norteko Trenbidearen kaleko 1ean, Zabalganako Ozeano Atlantikoaren kaleko 17an eta Zaramagako Gamarrako Ateko 1ean hiru lokal erosteko eragiketari, hirian Lanbideren bulego berriak instalatzeko, egungo bulegoetako batzuek kokalekua aldatzen baitute jendearentzako arreta hobetzeko. 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Gobernu Kontseiluari azaldu dionez, "Lanbide, erreformatzeko eta eguneratzeko planaren barruan, Vitoria-Gasteizen dituen bulegoen modernizazioa eta berrantolaketa garatzen ari da; hori dela-eta, herritarrei zerbitzu egiten dieten 3 bulegoak 4 izango dira aurrerantzean: Zaramaga, Zabalgana, Zumakadi eta Salburua, eta zerbitzu zentralak Txagorritxun mantenduko dira".

"Lanbideren Txagorritxuko egungo bulegoak Txagorritxuko zerbitzu zentralen eraikinean duen kokalekua utziko du eta Zaramaga auzoko instalazio berrietan kokatuko da. Lanbideren San Martingo bulegoa Zabalgana auzoko handiago batera lekualdatuko da, eta Lanbideren Zumakadiko bulegoa, bestalde, egungo kokalekuan mantenduko da. Lanbidek, herritarrentzako zerbitzuak osatzeko, laugarren bulego bat abian jarriko du Salburuan", adierazi du Artolazabalek

Artolazabalen esanetan, "arreta pertsonalizatuko postuen berrantolaketa eta zabalkuntza horri esker, Lanbidek aukera emango die erabiltzaileei berak egiten dituen zerbitzuak hurbilagotik eta modu antolatuagoan eskuratzeko, izan ere, posta-kodeen eremuetan oinarritutako erosotasun horrek arretaren kalitatea eta hurbiltasuna hobetuko baititu". 

"Vitoria-Gasteizen hiru enplegu-bulego besterik ez daude gaur egun: Lanbide Vitoria-Gasteiz Txagorritxu (Jose Atxotegi kalea 1), Lanbide Vitoria-Gasteiz San Martin (Clemente Arraiz Margolariaren kalea 5-7) eta Lanbide Vitoria-Gasteiz Zumakadi (Zumakadi ibilbidea 17-19). Horien metaketa arintzeko eta kalitateko zerbitzua eskaintzeko, behar-beharrezkoa zen Salburua auzoan beste bulego bat abian jartzea, auzoak hazkunde eta okupazio handi samarra izan baitu azkenaldian. Halaber, bulego handiagoak behar ziren Zabalganan (Borinbizkarra kalea) eta Zaramagan, egungo bulegoek orain arte eskaintzen zuten estaldura areagotzeko", azaldu du Artolazabal sailburuak. 

Zabalganako eta Salburuko erosketak kapitalaren gehiengoan Vitoria-Gasteizko Udalaren zuzeneko partaidetza duen Ensanche 21 Zabalgunea merkataritza-sozietateari egin zaizkio eta Zaramagako kasuan, bestalde, hiru lokal pribatu dira. 

Salburuan, Lanbidek erosi duen merkataritza-lokala beheko solairuan dago, sarrera Norteko Trenbidearen kaletik duela. Lokalaren azalera eraikia 873,55 metro koadrokoa da eta azalera erabilgarria 849,55 metro koadrokoa. 

Gaur egun Clemente Arraiz Margolariaren kaleko 5ean dagoen Lanbideren bulegoa Zabalgana auzora lekualdatuko da, Ozeano Atlantikoaren kaleko 17ra. Zortziehun eta berrogeita hamalau metro eta hamabost dezimetro koadroko azalera erabilgarria du. Memorian lokala Ozeano Barearen kaleko 13-15ean dagoela aipatzen bada ere, izatez Ozeano Atlantikoaren kaleko 15 eta 19 ezkaratzetako beheko solairuan dago, nahiz eta fatxada Ozeano Barearen kalean kokatzen den, bi kaleak elkarren paralelo dira-eta. 

Egungo San Martingo bulegoa (Clemente Arraiz Margolariaren kalea 5-7) lekualdatzeko lokal berri hori erosi beharra dago egungo bulegoa ez delako herritarrei zerbitzu egokia emateko behar bestekoa (550 m² besterik ez). Txagorritxuko eta San Martingo egungo bulegoak elkarrengandik oso hurbil daude. Hori dela-eta, horietako bat Zabalganara lekualdatzeak aukera emango luke hiri osoan zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko, lokal berria ongi komunikatuta baitago zenbait autobus-linea publikorekin. 

Zaramagan instalatuko den bulego berria Gamarrako Ateko 1ean kokatuko da. Elkarren mugakide diren bost lokal txiki erosi ondoren, guztizko azalera 650 m²-koa da. Egin nahi den erosketa Lanbidek egin duen plangintzan kokatzen da. Izan ere, oraindik Jose Atxotegi kaleko 1eko bulego zentraletan dagoen egungo bulegoa lekualdatzea aurreikusten du.