Argitalpen-data: 2017/03/16

Artolazabal: "Erronka nagusia enplegu gehiago eta hobea sortzea da, eta langabezia-tasak %10etik behera murriztea "

Lanbide.

  • Hitzaldia Tribuna Euskadi-Nueva Economía Forum-en
  • “Azpiestatuko gobernuak ditugun herrialdeok eta eskualdeok ekintza eta kudeaketarako gaitasun propio handiagoa behar dugu garapen positibo bat lortzeko, badakigulako zuzenean gure ingurunearen premien berri”
  • Artolazabalek Euskadin Future Lan izeneko Enplegu Prospektiba eta Lan Joeren Behatokiaren sorrera iragarri du
  • “Euskal gizarteak gazteen enpleguari bultzada handia garatzea behar du”

Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek, gaur Tribuna Euskadi-Nueva Economía Forum-en barruan egindako hitzaldi batean adierazi duenez, “Euskadik une hauetan duen erronka nagusia enplegu gehiago eta hobea sortzea da, eta langabezia-tasak % 10etik behera murriztea”. Artolazabalek adierazi duenez, “kontratuen behin-behinekotasuna murriztea eta soldata-baldintzak hobetzea Eusko Jaurlaritzaren helburuak dira legealdi honetan”.

Artolazabal sailburuak Eusko Jaurlaritzak enplegu-arloan lortu nahi dituen helburuak zehaztu ditu “plan espezifiko eta enplegu-politika aktiboen bidez enplegua sortzea bizkortzeko eta sustatzeko; pertsonen gaitasuna hobetzeko haiek laneratzeko eta profil pertsonalak eskariei egokitzeko; baldintza okerragoak dituzten ingurune eta kolektiboentzat aukerak dituen enplegu orekatua sustatzeko, eta gizarte-laguntzaren eta laneratzearen arloko programetan politika koordinatu bat garatzeko”.

Gaur Bilboko Ercilla Hotelean “Enplegu gehiago eta hobea” gaiari buruz emandako hitzaldian, Beatriz Artolazabalek azpimarratu du “Euskadi dagoeneko enplegua sortzen ari dela”, eta azaldu du “joera hori hobetu egin daitekeela, nahiz eta enpresak diren, administrazio publikoak ahaztu gabe, enplegua sortzen dutenak”. Artolazabal sailburuak adierazi du “epe ertainean, 2017. urte honetarako, euskal enpresen espektatibak aldekoak direla; izan ere, euskal enpresen % 30ek plantillan enplegatutako pertsona kopurua igotzea espero du 2017an zehar”.

Parafrasi bat erabilita, Artolazabalek adierazi du “enplegu, prestakuntza eta gizarte-kohesioaren arloan, eta haren gainean Erkidegoko puntako herrialde eta eskualdeekin batera lerratzeko, nahiz eta zenbait urte falta diren krisiaren aurretik zegoen lanpostu kopurua berreskuratzeko”.

Ingurune aldakorra

Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi “ingurune sozial eta ekonomiko konplexu eta aldakor” batean dago, eta hori kontuan hartu da Euskadirentzako 2020ko Enplegu Estrategiaren erronkak eta ildo estrategikoak finkatzean; estrategia horrek euskal ekonomiako eragile ugariren gogoeta konpartitu eta diziplina anitzekoa izan du”.

Euskal Enplegu Estrategia bat dator 2020 Europa Estrategiarekin. Estrategia horrek Europar Batasunak hazkunderako eta enplegurako garatu behar dituen helburuak eta lehentasunezko jarduketa-lerroak ezartzen ditu. Artolazabalen ustetan, “azpiestatuko gobernuak ditugun herrialdeek eta eskualdeek, gero eta gehiago, ekintza eta kudeaketarako gaitasun propio handiagoa behar dugu garapen positibo bat lortzeko, Eusko Jaurlaritza bezalako kudeatzaileok badakigulako zuzenean gure lurraldearen premien berri”.

Artolazabal sailburuak gogoratu duenez, “defizit demografikoak eta biztanleriaren zahartzeak, gorabideko herrialdeen lehiak edo kualifikazio txikiagoko pertsonen langabeziaren kronifikazioak eragina dute enpleguan, baina beste aukera batzuk ere sortzen dira, hala nola: belaunaldi-aldaketa; emakume eta adintsuenen ekarpen-gaitasuna; langileen partaidetza handiagoa enpresetan; lan-sektore berrien eta teknologia berrien garapena; kanpo-inbertsio produktiboa erakartzea; hezkuntzako eta prestakuntza eta enpleguko sistema lotuak, aurrerapen handiagoa eta produkzio-ehunaren hurbileko premietara orientabide hobea dutenak, edo talentua erakartzea eta gazteak itzultzea.

Bere agerraldian zehar, Beatriz Artolazabalek faktore demografikoak enpleguan izango duen eragina azaldu du. Izan ere, “Euskadin aurreikusten denez, 2024 arte sortuko diren enpleguen % 88 erretiroengatik izango da”. Horri buruz, sailburuak adierazi du “datozen 10 urteetan ‘Z belaunaldia’ edo 1995 eta 2010 artean jaiotako pertsonen talde demografikoa belaunaldi-aldaketaren protagonista izango dela”.

Enpresaren, unibertsitatearen, lanaren eta merkataritzaren munduko ia hirurehun pertsonaren aurrean, Artolazabalek adierazi du lan-agertoki berria “zientzia eta teknologiako aurrerapenek markatuko dutela; beraz, etorkizuneko langile gehienek konpetentzia berriak beharko dituzte”.

“Etorkizun horri aurre hartzeko eta politika zuzenak aplikatzeko”, Artolazabal sailburuak iragarri du “Eusko Jaurlaritzak aurten Future Lan izeneko Enplegu Prospektiba eta Lan Joeren Behatoki bat izango duela, Lanbidetik kudeatua, eta enplegu-proiekzioak eskainiko ditu Autonomia Erkidegoko sektore ekonomiko eta lanetan 2030 arte”. “Tresna” bat da, Artolazabalen ustez “oso erabilgarria izango dena enpresentzat zein lan egiten ari direnentzat edo egin nahi dutenentzat”. Proiektu hori laster aurkeztuko da, sailburuak aurreratu duenez.

Bultzada gazteen enpleguari

Sailburuak tarte bat hartu du azaltzeko “euskal gizarteak gazteen enpleguari bultzada handi bat ematea behar duela, haien integrazioa eta bizi-egonkortasuneko horizonteak errazteko, haien garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetzeko aukera izan dadin”. Artolazabalek azpimarratu duenez, “gure gazteria gure biztanleriaren % 20 da orain, baina gure etorkizunaren % 100 da”. Horretarako, Enplegu eta Gizarte Politiketarako Saila gazteen enplegua bultzatzeari begira jarri da, eta helburu gisa jarri du “20.000 gaztek lan egiteko lehen aukera bat izan dezaten legealdi honetan zehar”.

Hori lortzeko, sailburuak abian jarriko dituen proposamen batzuk aipatu ditu, hala nola Lehen Aukera programa, praktiketako kontratuak diruz laguntzeko aukera ematen duena; hezkuntza-mundutik lanekora igarotzeko programa berri bat, unibertsitateekin eta lanbide-heziketarekin lankidetzan; txanda-kontratua; gazteen ekintzailetza-programa bat; klausulak finkatzea Tokiko eta Eskualdeko Enplegu Planen barruan kontratatutako pertsonen % 30 gazteak izan daitezen; gazteen enplegua ahalbidetzea administrazio publikoetako langileak berrituta; gazteak itzultzeko ekintza berri bat, Landhome programa osatuko duena, eta laneratzeko programak esparru espezifikoetan, beste askoren artean.

Artolazabalek dioenez, “euskal enpresek eta administrazioek elkarrekin jardun behar dugu enplegua eskuratzeko modu berriak sustatzen, esparru profesionaletik eta unibertsitatekotik prestakuntza dual bat inplementatuta, pertsona guztientzat aukera berak bermatuta eta, batik bat, gure gazteriari enplegua eta bizimodu independente eta solidario bat eskuratzea erraztuta”.

“Gure giza kapitalean inbertitzea funtsezko elementua da epe luzeko hazkunderako, berdintasunerako eta gure herrialdearen aurrerapen sozialerako”, amaitu du Artolazabal sailburuak.