Artolazabal: "Lanbiden erregistratutako langabe kopuruak behera egin du; 1.091 pertsona gutxiago dira. Horrela, azken 10 urteotako bigarren otsailik onena da"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Urte arteko saldoak 11.988 langabe gutxiago daudela erakusten du, alegia, % 8,61eko beherakada
  • Gaur egun, 127.235 pertsona daude langabezian erregistratuta, alegia, erregistratutako langabezia-indizea % 11,9koa da
  • Langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan, gizonen eta emakumeen artean, sektore guztietan eta adin-tarte guztietan, 16 eta 24 urte bitarteko tartean izan ezik
  • Azken hilabetean sinatutako kontratuen % 9,61, alegia 6.451, mugagabea izan da

2018ko otsailean, langabeziak behera egin du; 1.091 langabe gutxiago daude Euskadin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako langabezia-datuen arabera. Horrela, 127.235 pertsona egon dira azken hilabetean langabe gisa erregistratuta. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “otsaila, tradizioan trantsizioko hilabetea, Gabonetako kanpainetako eta merkealdiko saltokietako eta ostalaritzako kanpainen ondoren, ez dela egokia izaten langabeziak behera egiteko” Euskadin. Beraz, langabe-kopuruak behera egin izanak –termino erlatiboetan, % 0,85– “esan nahi du azken urteotako bigarren otsailik onena izan dela”.

Azken hamarkada honetan, langabeziak hiru otsailetan baino ez du behera egin: 2015ean, 1.270 pertsona gutxiago; 2016an, 237 langabe gutxiago; eta 2018an, 1.091 pertsona gutxiago. Iaz, urteko bigarren hilabetearen amaieran 146 langabe gehiago zeuden.

2017ko otsailaren aldean, urte arteko terminoetan, Euskadik 11.988 pertsona gutxiago ditu erregistratuta langabezian, edo, beste modu batera esanda, erregistratutako langabeziak % 8,61 egin du behera. “2013. urte-amaieratik, urte arteko saldoaren bilakaerak erakusten du langabezian etengabe izan direla beherakadak, baina egoera horretan jarraitzen duten 127.235 pertsonek ahalegina bikoizten jarraitzeko eskatzen dute”, esan du Artolazabalek.

25 eta 34 urte bitarteko Arabako gizonak

Otsailean bilakaera onena izan duten langabeen profila honako hau izan da, sailburuaren hitzen arabera: “25 eta 34 urte bitarteko gizonak, zerbitzuen sektorekoak eta Araban bizi direnak”.

Hil honetan, langabeziak behera egin du, emakumeen eta gizonen artean, baina emakumeen artean erritmoa motelagoa izan da; ehunekotan, % 0,72an eta % 1,02an. Urtean, desberdintasunak agerikoak dira; izan ere, langabeziak, gizonen artean, % 11,56 egin du behera, eta, emakumeen artean, % 6,22. “Genero-ikuspegia enplegu-politika aktiboen aldeko apustua egitean dugun elementuetako bat da”, esan du sailburuak.

Adinaren arabera, azken hilabetean, langabeziak adin-talde guztietan egin du behera, 16-24 urte bitarteko taldean izan ezik. Beherakada erlatibo handiena 25 eta 34 urte bitartean antzeman da. Nahiz eta gazteenek bizi izan duten egoera txarrena hil honetan, Artolazabalen iritziz, “enplegua aurkitzeko zailtasun gehien duen kolektiboetako bat 44 urtetik gorakoena da. Gaur egun, langabeen ia erdiak, % 49,7k, gainditu egiten du adin hori, eta beren enplegagarritasunean lan egin behar dugu; izan ere, pertsona askok kronifikatuta ikus dezakete egoera hori”. Hori dela eta, esan du, zorionez, “azken hilabetean behera egin duela iraupen luzeko langabeziak (330 pertsona gutxiago) eta iraupen laburrekoak (761 pertsona gutxiago)”.

Lurraldeen arabera, azken hilabetean Arabak bizi izan du egoerarik onena; bertan, langabeziak % 2,07 egin du behera (434 pertsona gutxiago); Gipuzkoan, beherakada % 1,12koa izan da (380 langabe gutxiago); eta, Bizkaian, % 0,38 egin du behera (277 langabe gutxiago). Gainera, otsailean, langabeak behera egin du jarduera-sektore guztietan; zerbitzuen sektorean 764 langabe gutxiago, industrian 276 gutxiago, eraikuntzan 133 eta lehen mailako sektorean 39.

Kontratuak eta afiliazioa

Otsailean, 67.149 kontratazio egon dira Euskadin eta, horietatik, 6.451, % 9,61, mugagabeak izan dira.Ohiko uzkurdura da urtarrileko kontratu-kopuruan, baina hau “ohiko portaera da trantsizioko hilabete honetan”, esan du Artolazabal sailburuak. Iazko otsaileko kontratazio-bolumenari eusten zaio, eta areagotu kontratudunen kopurua.

Afiliazioari dagokionez Euskadik 2.9917 pertsona afiliatu gehiago izan zituen otsailean, eta guztira 938.847 dira. Azken hamabi hilabetetan igoera 20.304 pertsonakoa izan da, hau da, %2,21ekoa.