Argitalpen-data: 2016/12/02

Lehen aldiz 2010eko abendutik Lanbiden langabetu bezala erregistratuta dauden pertsonen kopurua 140000tik beherakoa da

Irekia

     Beatriz Artolazabalek, gizon eta emakumeen artean, langabezia adin multzo guztietan eta hiru lurraldeetan eman dela azpimarratu du

Vitoria-Gasteiz, 02/12/2016

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuak, positiboki baloratu ditu gaur goizean langabeziari buruz kaleratu diren datuak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu bezala erregistratuta dauden pertsonen kopurua 137.700 pertsonakoa da, hau da 140.000 baino gutxiago. Sailburuak berak adierazi duenez, “egoera hau ez zen ematen 2010eko abendutik”.

Lanbiden langabetu bezala erregistratuta dagoen pertsonen kopurua 3.481 pertsonetan jaitsi da urritik azarora, hau da, %2,47a. Alderaketa urtetik urtera egiterakoan, jaitsiera 14.165 pertsonetakoa da, %9,33a, hau da, azken zazpi hiletako urtetik-urterako daturik onena.

Beherakada hau hiru lurraldeetan eman da (Gipuzkoan %2.6a; Bizkaian %2.5a; eta Araban %2.3a), gizonen artean (-1.631), emakumeen artean (-1.850), eta adin multzo guztietan, 45 urtetik gorakoak barne. Beatriz Artolazabalek egoera hau azpimarratu du “enpleguaren susperraldian ez dugulako inor atzean gera dadin”. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu berriak Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan “langabezi tasa %10etik behera” jaisteko erronka hartu duela gogoratu du eta horretarako berak zuzentzen duen Sailak “tantaka, pertsonaka, erronka hori egi bihurtzeko” lan egingo duela gehitu du. Egungo tasa %13,23koa da.

Afiliazioari dagokionez, azaroan gorakada mantendu egin da, 1.826 afiliatu gehiago daudela, %0,2a. Urtetik urterako alderaketan 18.053 pertsona gehiago daude afiliatuta Gizarte-Segurantzan Euskadin, hau da, %2 gehiago. Datuen arabera 922.251 pertsona daude kotizatzen, eta gorako tendentzia mantentzen da.

Estatu mailan erregistratuta dagoen langabeziak gora egin du eta 24.841 pertsona gehiago daude langabezi egoeran, %0,66a. Urtetik urtera langabeziak behera egin du bai Estatu mailan zein Euskal Autonomi Erkidegoan. Espainian %8,66 jaitsi da eta Euskadin aldiz %9,33a. Azaroan langabeziak behera egin du soilik lau autonomi erkidegoetan eta hauetatik daturik hoberena Euskadik eskuratu du.

Kontratuak

Aurreko hilabetean hiru lurralde historikoetan sinatutako kontratuen kopurua 82.218koa izan zen. Hauetatik 5.909, %7,18a mugagabe izaera izan zuten. Era honetako kontratuak gorako joera dute eta 2015eko azaroko datuekin alderatuz igoera %13,55ekoa da. 2016 urte honetan orain arte 848.682 kontratu sinatu dira Euskal Autonomi Erkidegoan. Kontratu guztien zenbaketa hau iaz urteko sasoi berean genuena baino %7,09 altuagoa da.