Argitalpen-data: 2016/11/15

ENPLEOGUNE GASTEIZKO ENPLEGU FOROA: AZAROAREN 17 ETA 18AN

Lanbide.

EmpleoGune 2016 foroak administrazioan lan egiteko aukerak ezagutzea ahalbidetuko du, eta parte hartzen duten enpresek lan-elkarrizketak egingo dituzte

Azaroaren 17 eta 18an, EmpleoGune 2016 Gasteizko enplegu foroa egingo da Europa biltzar eta erakusketa jauregian. Enpresen aurkezpenak, enplegagarritasunari eta lanbide orientabideei buruzko lantegiak, informazio guneak, saio teknikoak eta mahai-ingurua antolatu dira horren barruan. EmpleoGune 2016 foroaren programazioaren berrikuntzen artean parte hartzen duten lau enpresak han bertan egingo dituzten lan-elkarrizketak ditugu; gainera, tokiko erakundeek informazio guneak jarriko dituzte, administrazioarekin lan egiteko aukeren berri emateko.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizarrek aurkeztu dute EmpleoGune 2016, eta  foroaren balioa nabarmendu dute, erakundeen, enpresen, profesionalen eta unibertsitatearen arteko lankidetza formula baita gazteentzat enplegu alternatibak sustatzeko.

Lehenengo aldiz, Europa biltzar jauregian egingo da EmpleoGune, lehen unibertsitate campusean egiten baitzen. “Hartara, espazio eta moldagarritasun handiagoa izango dugu. Jauregi berritu horretako sei areto erabili ahalko ditugu; iraunkortasunaren ikurra izateaz gain, Gasteizko enplegu-sorkuntzaren ikurra ere izatea nahi dugu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Gasteizko Enplegu Foroaren ekitaldi nagusien artean, datorren ostegunerako, hilak 17, antolatu den mahai-ingurua nabarmendu beharra dago: Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, eta IVAPek (Eusko Jaurlaritza)  administraziorako lan egiteko gaur egun dauden aukerak azalduko dituzte. Bestetik, eta hau ere aurtengo berrikuntza da, ostiralean enplegu publikoari buruzko informazio gunea jarriko da, zeinean, besteak beste, etorkizunean izan daitezkeen LEPei buruzko aholkuak eskainiko baitira.

EmpleoGune 2016 foroaren beste alderdi nabarmengarri bat enpresen aurkezpenak dira: guztira hamar izango dira, tokiko industriaren sektore estrategikoenetakoak. Ostegunean eta ostiralean, giza baliabideen estrategiak eta epe labur edo ertainera hedatzeko dituzten planak azalduko dituzte, eta horien lagungarri panelak jarriko dituzte Europa jauregiko sarreran. Enpresa horietako batzuek lan-elkarrizketak egiteko espazio bat izango dute; aldez aurretik aukeratu dituzte hautagaiak, Foroaren web-orrian argitaratutako eskaintzei erantzun dietenen artetik.

Bestetik, ostegun arratsalderako hiru lantegi antolatu dira, enpresa ertain eta handietan lehen enplegua eskuratzeko, lan-merkatuan berriro sartzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko gako praktikoak ematearren. Gaur  egungo lan-merkatuan enplegua aktiboki bilatzeko gaitasun baliagarriak eskuratu nahi dituen orori zuzendutako lantegiak dira, lanbide profil zabala besarkatuz.

Orobat, kontratazioan laguntzeko baliabideak gaitzat dituen saio teknikoa programatu da ostiralerako, hilak 18. Saioan, LANBIDEk, EHUk eta Gasteizko Udalak ikasleei eta langabeei kontratazioan laguntzeko eskaintzen dizkieten baliabideak aurkeztuko dituzte, eta enplegua lortu aurretik horiek duten zeregin garrantzitsua.

Azkenik, beste urte batzuetan bezala, Gasteizko Enplegu Foroaren barruan Enplegu Zentroa deritzon espazioa izango da, non EHUko eta Gasteizko Udaleko langile espezializatuek arreta pertsonalizatua emango baitiete interesatuei.

Jardueretan izena emateko http://empleo-gune.org web-orrira jo behar da, eta bertan aurkitu ahal izango da Empleogune 2016 programa osoa  eta  jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza.

Informazio gehiago: EmpleoGune 2016