Argitalpen-data: 2015/11/03

Gizarte-segurantzarako afiliazioek berriz gainditu dute 900.000ko kopurua, 2012ko ekainetik lehen aldiz

Departamento de Empleo y Políticas Sociales.

Urrian, 823 pertsonatan murriztu zen Lanbiden erregistratutako langabezia, eta, beraz, % 14,5ean kokatu da langabezia-tasa; hau da, aurreko hilean baino hamarren bat gutxiago. Gizarte Segurantzara afiliazioek berriz gainditu dute 900.000ko kopurua, 2012ko ekainetik lehen aldiz.

Euskadik berriz erregistratu ditu langabezia-tasa negatiboak, elkarren segidako hogeita hirugarren hilabetez. Estatu osoan, urrian langabeziak behera egin duen lurralde bakarra izan da, Valentziako Erkidegoarekin batera: % 0,53 jaitsi da, hain zuzen.

Datu hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, arruntean, gora egin ohi du urrian erregistratutako langabeziak, hala krisialdiko urteetan nola aurrekoetan. Hain zuzen, 2003tik hona, 2006ko urrian baino ez zen jaitsi erregistratutako langabezia, eta 182 langabeetan murriztu zen. Alde handia joan berri den urriko 823 langabeekin konparaturik.

Irailean kontratazio-markak hautsi ondoren, urriko aurreikuspenek normaltasunera itzulera iradokitzen zuten. Baina iragan hilean, enpresek joerari eutsi eta 86.094 kontratazio egin zituzten: iazko hil berean baino % 3,1 gehiago, eta irailean baina lau hamarren gutxiago soilik. Urriko datuen ostean, urtean metatutako kopurua 718.288 kontratazioraino igo da: % 13,29 gehiago, 2014ko urriarekin konparatuta.

Urtarriletik 50.323 kontratu mugagabe sinatu dira, iaz baino % 15,52 gehiago. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Ángel Toña, baikor azaldu da lan-merkatuaren gaur egungo martxari eta kontratazio mugagabearen hazkunde progresiboari dagokienez. Nolanahi ere, bost kontratutik bi oraindik lanaldi partzialekoak izatea deitoratu du.

Langabezia Gipuzkoan eta Bizkaian jaitsi da gehienbat, nagusiki, industria eta eraikuntzari esker. Araban, ordea, amaiturik mahats-biltze sasoia, jardueraren beherakada nabaritu dute.

Gizarte Segurantzara afiliazioa

Lan-merkatuaren bilakaera positiboak, logikoki, bere isla eduki du Gizarte Segurantzaren erregistroetan. Urrian, beste 9097 pertsona gehitu ziren: hau da, aurreko hilean baina % 1,02 gehiago. Hala, berriz ere gainditu dira 900.000 afiliazioak –900.622 afiliazio daude, zehazki–. 2012ko uztailetik, ez zen halakorik gertatzen.