Argitalpen-data: 2014/11/17

Lanbidek bere lehenengo enplegu-zentroa ireki du Arratian

Lanbide.

Eskualdeko lehenengo enplegu-zentroa abian jarri dute Lanbidek eta Arratiako Udalen Mankomunitateak . Bulego berria Artean dago, eta erabiltzaileak ostiraletan joan ahal izango dira instalazio berri horretara, 08:30etik 14:30era, lana bilatzeko aholkularitza eta laguntza jasotzeko.

 

Zentro berria Arteako kultur etxean dago, eta, besteak beste, herri hartako  Udalaren lankidetzari esker  gauzatu ahal izan da proiektua. Bulegoan, erabiltzaileek orientatzaile baten aholkuak jaso ahal izango dituzte, eta enplegua bilatzeko autokontsulta-tresnak erabili. Horrez gain, taldekako tailerrak ezarriko dira —autokontsulta-tresnak erabiltzen ikasteko—, enplegua bilatzeko teknikei buruzko prestakuntza eskainiko da, curriculuma egiteko informazioa emango da, eta lan-poltsetara nola sartzen den azalduko da.

Edonola ere, proiektu honek urrats bat harago iritsi nahi du, Mankomunitatearen sostengu irmoarekin. "Bulegoak jardun proaktiboa izatea nahi dugu, eta lanik gabe daudenen pertsonengana gerturatzen saiatuko gara. Gainera, garrantzia eman nahi diogu prestakuntzari eta lankidetzari, besteak beste, lanbide-heziketako Zulaibar  zentroarekin", adierazi zuen atzo Josune Gorospek, Arratiako Udalen Mankomunitateko lehendakariak.
 
Gotzone Sagardui Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendariak ere nabarmendu zuen zentro berriari eman nahi zaion izaera "proaktibo" hori, eta gero eta zerbitzu gertuago eta hobea emateko Lanbidek duen bokazioa azpimarratu zuen. Halaber, bulegoak "laster zerbitzu gehiago" eman ahal izango zituelako itxaropena azaldu zuen,  bailarako herrietako biztanleei jadanik ematen hasi zaizkienez gain.
 
Proiektu honek Europako Gizarte Funtsaren laguntza jasotzen du, eta enplegu-bilaketari laguntzeko Lanbidek eta Mankomunitateak garatzen dituzten ekimenen artean kokatzen da.